Rafa Bernal: "Ezkerreko hiru aukera izango dira, baina bakarrak eskaintzen du aukera berdea"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 7a, 07:00

Rafa Bernal, Iturrizar plaza atzean duela. (Argazkia: Mikel Zumalde)

Rafa Bernal Gato (Aretxabaleta, 1976) da Elkarrekin Aretxabaletako alkategaia. Equo Berdeak taldeko militantea da, eta 2019ko Udal Hauteskundeetan ere koalizioko alkategaia izan zen, nahiz eta zinegotzirik lortu ez orduan. Eskoriatzan zinegotzia izandakoa da, 2015etik 2019ra. Bigarrengoz aurkeztuko da, haren esanetan gauzak aldatzeko erakundeetan egon behar delako.

Elkarrekin Aretxabaleta koalizioko alkategaia izango zara Aretxabaletan. Zergatik aurkezten zara?

Gauzak aldatzeko, erakundeetan egon behar da. Erakundeetan sortzen dira legeak, eta ondoren gure gizartea arautuko dute. Udal-mailan bere eskumenak eta mugak ditu, baina gauza asko egin daitezke eta bertan egon behar gara. Gaur egun garai korapilatsuak bizi ditugu, denok dakigu etorkizuna ez dela itxaropentsua. Garai gogorrak etorri baino, garai gogor batean gaude dagoeneko, eta pandemia da horren erakusle handiena. Krisi energetikoa da beste adibide bat, larrialdi klimatikoa... Arazoa hemen dago eta neurriak hartu behar ditugu. Zentzu horretan, aldaketak behar diren garai batean Equo Berdeak alderdiaren parte hartzea garrantzitsua dela uste dut.

2019ean aurkeztu zinen, baina ez zenuten zinegotzirik lortu; aurten emaitzak hobetzea izango da erronka nagusia?

Bai, okerrera egitea zaila delako. Udalean sartu nahi dugu. Gainera, uste dut nire aldeko puntua dela Eskoriatzako Udalean irabazitako esperientzia. Ez naiz hasiberria. Nire ideia udaletxean sartzea da eta segituan gaiak mahai gainean jartzea. 

Ze ideietan sinisten du Rafa Bernalek?

Gaur egungo sistema, gure eguneroko bizitza arautzen duen sistema sozioekonomikoa, zaharkituta dago. Eredu horren alternatiba bat bilatu behar dugu, non pertsonak eta planetaren mugak errespetatzen diren. Gaur egun, kapitala lehenesten da. Gauza asko birplanteatu behar direla uste dut, eta Elkarrekin koalizioak defendatzen dituen politikak bat datoz nik pentsatzen dudanarekin. Zerbitzu publikoak indartu behar dira, pertsonen osasunaz arduratu behar gara da, batez ere osasun mentalaz. Osasuna ez da soilik gure birikak ondo funtzionatzea, baizik eta gure burua ondo egotea. Zerbitzu publikoa ere defendatzen dut, pribatuaren gainetik, pribatuak errendimendu ekonomikoa duelako jo-muga, eta zerbitzu publikoen helburua zerbitzua ematea delako. Gure kontsumo-ohituren inguruan ere hausnartu egin behar dugu.

Nolakoa da Rafa Bernalen egunerokotasuna?

Tira, zurea bezalakoa suposatzen dut, lan egiten duen jende guztiaren bezalakoa. Eskolara doazen haurrak eta erretiratu direnak izan ezik, gainerakoek gauza bera egiten dugu. Jaiki, eta lanera joaten naiz; gainera, uste dut azkenaldian gero eta okerrago egiten dugula lan. Ez dut esan nahi gutxiago kobratzen dugunik, baizik eta lan gehiago egiten dugula.

Nik, adibidez, txostenak egiten ditut. Duela hogeita hamar urte ez zegoen ordenagailurik eta txostenak idazteko makinekin egiten genituen. Orain ordenagailu bat daukat, eta horri esker, txostenak askoz azkarrago egin ditzaket. Zer zentzu du teknologiak? Teknologia gure aurka doa.

Gaurkortasuna jarraitzen duzu? Nora jotzen duzu informatzeko?

Irensteko zaila den informazio-itsaso batean bizi gara. Informazio masifikazioa geroz eta handiago da, albiste faltsuak egunero ditugu, eta gainera normalizatu egin ditugu. Normaltzat hartu dugu pertsona batek gezurrak barra-barra esatea eta ezer ez gertatzea. 

Niri etengabe harritzen dit komunikabideek funtzionatzeko duten erak. Gai bati heltzen diote eta gai horretaz hitz egiten da asteetan. Eta beste gai batzuk ez dira jada hitz egiten. Aste batetik bestera, oso garrantzitsua zirudien gai hori, ez ustean, titularretatik desagertzen da. Adibidez, Ukrainako gerra. Nik ezagutzen dut hemendik Ukrainara jendea jasotzera joan zen jendea. Eta gaur egun albisteetan agertzen da, baina pixka bat bakarrik. Nik, Ukrainako gerraren berri izateko, informazio onaren bila ibiltzen naiz, izan ere, kontatzen den informazio asko ez da zehatza.

"Aretxabaleta herri segurua da. Ez dago inolako arazorik goizeko ordu txikietan kaletik ibiltzeko. Hau niretzako oso berezia da, izan ere, planetako leku askotan hau ezin da egin"

Zer da herritik gehien gustatzen zaizun gauza? Eta gutxien?

Aretxabaleta herri segurua da. Ez dago inolako arazorik goizeko ordu txikietan kaletik ibiltzeko. Hau niretzako oso berezia da; izan ere, planetako leku askotan hau ezin da egin. Munduko beste leku askotan, kilometro bat egiteko taxi bat hartu behar duzu, bestela zure bizitza arriskuan dago. Pribilegiatuen leku batean bizi gara. Kontziente izan gaitezen piramidearen goialdean gaudela, eta Aretxabaleta adibide argia da. Planetarekin alderatzen bagara, gehiengoa gure aukeren azpitik bizi da. Kaleetan ibiltzeko askatasuna eta lasaitasuna gustatzen zait.

Eta gutxien gustatzen zaidana segurtasun hau izateagatik ordaintzen dugun prezioa da. Zurrunbilo batean bizi gara, egunez egun estresatuta, epe laburrekoa da dena, eta guztia indibidualismora bideratuta dago. Indibidualismoa gizartea suntsitzen duen minbizia da. Sistemari indibidualismoa interesatzen zaio.

Aretxabaletan hauteskunde hauetan ezkerreko hiru aukera egongo dira, (EH Bildu, PSE-EE eta zuek). Alkatetza lortzeko, EH Bildu eta EAJren arteko lehia estua espero da. Zuen alderditik nola egiten diozue aurre hauteskundeei?

Ezkerreko hiru aukera daude, baina bakarrak eskaintzen du aukera berdea. EH Bilduk eta PSE-EEk ez dute aukera berdea. Equo Berdeak taldeak bere zentzua du koalizioan, kolore berdea jartzen dugunak garelako. Eta kolore hori ez da tontakeria bat, baizik eta erreala. Hau da PSE-EE eta EH Bildurekiko alde nagusiena.

Zuen botoak funtsezkoak balira, zer egingo luke Elkarrekin koalizioak? Bi alderdiekin hitz egingo luke?

Izan gaitezen errealistak, guretzat oso agertoki interesgarria izango litzateke. Aldi berean estresagarri samarra ere, horren arabera jokatu beharko litzatekeelako. Funtsezkoa bazara, badakizu gobernua osatzeko lan egin beharko duzula. Agian ez dugu gobernu berrian parte hartuko, baina gobernu eraketan garrantzitsua izango zara. Argi dago Elkarrekin ezkerreko koalizio berde bat dela, eta ezkerrarekin zubiak eraiki beharko genituela. Baina horrek ez du esan nahi babesa doan eskainiko dugunik. Lehenik eta behin gaiak mahai gainean jarriko ditugu eta zer egingo den ikusiko dugu.

"Deba ibaia gaizki tratatu dute, Aretxabaletako garapenaren ardatza izan zen eta duela urte bat egoera zuzentzea lortu zen arren, berriz ere hilda dago"

Zein premia ditu Aretxabaletak?

Aretxabaleta, munduko gainontzeko lekuak bezala, larrialdi klimatikoaren aldaketetara egokitu behar da. Aretxabaleta erresiliente baten alde lan egin behar dugu. Gure energia-kontsumoa murriztu behar dugu. Leku batetik beste batera mugitzeko ahalik eta eragin txikiena izaten saiatu behar gara, eta tenperatura-igoerei nola aurre egingo diogun hausnartu behar dugu. Zer pasa behar da urarekin? Eta lehorteekin? Eta basoak prest daude etorkizunean sortuko diren suteei aurre egiteko? Galdera hauek egin behar ditugu. Oso garrantzitsua da herria ganoraz edukitzea, baina hamarkadetan ibili gara hori lantzen. Sekula garrantzirik eman ez diegun gaiei heldu behar diegu. 

Zeintzuk izango dira hauteskunde programaren hiru ildo nagusiak?

Deba ibaia gaizki tratatu dute, Aretxabaletako garapenaren ardatza izan zen eta duela urte bat egoera zuzentzea lortu zen arren, berriz ere hilda dago. Lehen arrainak eta amuarrainak ikusten genituen, orain ez. Egoera tamalgarrian dagoen zati bat dugu. Ibai hau naturalizatu egin behar dugu eta bertan bizi diren animaliak babestu. Isuriak non sortzen diren ikusi behar ditugu, eta hor fokua jarri. 

Beste lan ildo nagusietako bat mugikortasuna da. Hau desastre bat da. Denok autoz mugitzen gara, autobusak berandu iristen dira, autobusak gazteentzat eta autoa ez duten jendearentzat bakarrik direla dirudi. Bailara batean bizi gara, ez du zentzurik autoz etengabe mugitzen aritzeak. Horretarako, autobus zerbitzu duin bat behar dugu.

Eta bestea trantsizio energetikoa da. Denok jasan ditugu gasaren ondorioak, eta komunikabideek beldurra sartu digute. Energia-trantsizioak ez du esan nahi kontsumo-maila bera mantendu behar dugunik; kontsumoa murriztu egin behar dugu. Eta gero autokontsumo handiena egin behar da, muga batzuen barruan, noski.

Zer inportatuko zenuke Aretxabaletan beste herri edo hirietan ikusi duzunetik?

Sri Lankako herri bati buruz ari bagara, hango gizateria. Daniar edo suediar herri bati buruz ari bagara, proiektuak kudeatzeko modua. Pirinioetako herri bati buruz ari bagara, hango ekosistemak. Eta herri japoniar bati buruz ari bagara, garraio publikoaren puntualtasuna.

Geologoa zara; sare sozialak erabiltzen dituzu?

Bistan da sare sozialek gure gizartea aldatu dutela, baina gauza guztien moduan ez da tresna baizik eta ematen zaion erabilera. Sumatzen dut egunez egun mendekotasun handiagoa dagoela haiekiko, eta kasu batzuetan mendekotasun-maila adikziora iristen ari dela. Gehien kezkatzen nauena da ahapaldi bikoitzeko tresna dela; gizarteak ohiko baliabideetatik haratago informatzeko tresnak ditu, baina, aldi berean, era guztietako elementuek iritzi publikoa manipulatzeko joera dute.

Aretxabaleta herri euskalduna da?

Bai. Kalean euskara hitz egiten da. Nik badakit ez dudala hitz egiten, ulertzen dut eta norbaitek euskaraz hitz egin nahi badu, ez dut arazorik. Hurrengo lau urteetan ere Udalean suposatzen dut hori izango dela dinamika.

Aisialdian, zer egitea gustatzen zaizu?

Kurtzebarriko atzeko aldera joatea gustatzen zait, nire bigarren etxea bezalakoa da. Naturarekin kontaktuan egoteak beti deitu izan dit. Zuhaitz bat ikusten dut eta ikusi egiten dut, eta bizi izan duen guztiaz hausnartzen dut. Dantza egitea ere gustatzen zait.

Amaitzeko, zer emaitza espero dituzu maiatzaren 28rako?

Espero dudan lehen emaitza gobernu aldaketa egotea da.

Horrekin dena esaten didazu...

Nahiko nuke guk ekarpenak egin ahal izatea.

Udal aldaketa nahi duzula diozu...

Bai. Orain dagoen alkateak denbora asko eramaten du eta egin duena ez zait gustatzen. Betiko politika ikusten dut, kudeaketakoa. Enpresa moduan funtzionatu dute, gauzak kudeatuz eta etorkizuneko ikuspegi hori falta izan zaie. Ezarritako mugak gainditu behar ditugu eta nahastu. Herriko merkataritzak, adibidez, izugarri kezkatzen nau. Tokiko merkataritza herritarren artean harremanak sortu, eta indartzeko aukera ezinbestekoa da, eta uste dut, ez dagoela plan integral bat Aretxabaletako merkataritza egoera on batean edukitzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak