Oñatiko grafiti tailerrean izango zara; zer dela eta?
Onatiko Antixena gaztetxekoek grafiti tailerra egingo dute hilaren 21ean. Nirekin kontaktuan jarri ziren, eta ni prest laguntzeko.
Tailerrak zelako erantzuna izatea espero duzu?
Ez dakit, baina ea jendea animatzen den. Nik hasieratik eskatu nuen 8-10 pertsonako talde mugatu bat izatea. Hortik gorako taldeetan kontrola galtzea errazagoa da. Marrazketa librea egingo da, bakoitzak nahi duena azaleratzeko, eta, tartean, nik aholkuak emango ditut, hobetzeko.
Oñatin gazteak izango dira, nagusiki, jardunaldian; zer esango zenioke mundu artistiko horretan hastera doan bati?
Adin-tartea librea da, denontzat da tailerra. Baina bai, normalean, gazteak izaten dira gehiengoa. Hasiberriei esango niekeen lehenengoa da pareta libre bat hartzeko eta euren kabuz hasteko margotzen; baina kontu handiz besteen lanekin, errespetu falta delako. Bigarren aholkua pazientzia izatea da, pauso txikiak eginez hobetzea; bestela, frustragarria izan daiteke. Azken finean, eboluzio bat da, eta askotariko material eta teknikak probatu behar dira.
Nola hasi zinen grafitiak egiten?
14 urte nituenean hasi nintzen errotuladoreekin paretetan grafitiak egiten; edozein lekutan egiten nituen marrazkiak. Ondoren, eboluzionatu egin behar nuela konturatu nintzen, eta hainbat teknika eta material erabiltzen hasi. Hasieran, etsigarria izan zen; besteen lanak ikustean, halakoak egin nahi nituen, eta ni hasiberria nintzen. Azkenean, konturatu nintzen prozesu luzea zela eta poliki-poliki ikasiko nuela.
Zuri dagokizunez, ze inportantzia du margotzeak?
Nire bizitzaren parte da; atal garrantzitsuenetako bat, esango nuke. Asko laguntzen dit; margotzeak adina ez dit beste ezerk ematen. Gainera, konstantziak eta poliki-poliki hobetzeak asko pozten nau.
Zure lanetan animaliak ikusten dira, nagusiki; ze esanahi dute animaliek zuretzat?
Niretzako oso garrantzitsuak dira, beti gustatu izan zaizkit. Beti txakur artean ibili naiz, eta pintura eta animaliak lotzea oso gustuko dut. Gainera, hasiera batean, lagunen txakurrak ilustratzen hasi nintzen, eta ondoren, jendearen enkarguak iristen hasi zitzaizkidan.
Sare sozialetara igotzen dituzun lanak enkarguak edo zure kabuz eginikoak dira?
Denetik apur bat. Normalean, jendearen enkarguak izaten dira; erretratuak edo ilustrazioak, adibidez. Udalak ere eskatu izan dit; duela hiru urte hasi ziren kaleak apaintzeko muralak eskatzen.