Lanean erretiroa hartu ostean zer egin jakin gabe ez geratzeko, trebakuntza-saioak antolatu dituzte Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Bizi proiektua izenaren bueltan. Pertsona nagusien autonomian eta zahartze aktiboa sustatzen aditua den Bizipoz kooperatibak izango du programa horren gidaritza, eta honako esparru hauek landuko dituzte: garapen pertsonala, familia, lagunak, lanbidea –Nire lan-esperientziatik abiatuta, nola lagun diezaioket gizarteari?–, maitasuna, osasuna, aisialdia eta ekonomia.
Teoriatik praktikara salto egin gura izan dute Gizartegintzako zinegotzi den Karmele Uribarrik azaldu duenez: "2022an hainbat hitzaldi eskaini ziren, bakardadea, rol sozialaren galera edo zahartzearen krisia bezalako gaiak jorratuz. Teoria horretatik ekintza praktikoetara jauzi egiteko, programa hau jarriko da abian, zahartzea eta lan-bizitzaren amaiera aukera gisa ikusten eta ulertzen lagunduko duena".
Tailerrak gidatuko dituen Olatz Campos psikologoak ildo beretik jardun du: "Adineko pertsonen ahalduntzea sustatuko da, banakako hausnarketa eta ariketa praktikoak uztartzen dituzten dinamiken bidez". Gaineratu du, helburua parte-hartzaile bakoitzak bere bizi proiektua diseinatzea izango dela, "jubilatu ostean bizitzako arlo desberdinetan emandako aldaketak landuta".
Izen-emate epea zabalik
Izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute eta apirilaren 19ra arte egongo da aukera; Udal Gizarte Zerbitzuen bulegoetara jo beharko da horretarako –943-71 18 62–. Gehienez hamabost partaide izango dituen talde bat eratuko da.
Zortzi saio izango dira, martitzenetan, apirilaren 25ean hasi eta ekainaren 13a arte, 10:00etatik 11:30era bitartean. Gaztelaniaz emango dituzte, Arkupeko bigarren solairuan.