Kaleak girotu, eta herriko merkataritza bultzatu

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 23a, 18:19
Jaikiko dantzariak Araba ibilbidean, performance ibiltariaren une batean.

Hileko hirugarren egubakoitzetan kale-ikuskizunak izango dira, Aretxartek antolatuta; lehenengoa martxoan egin dute, Jaiki elkartearen eskutik, eta, hain zuzen ere, performanceak ikusmina eta harridura sortu zuen herritarren artean.

Aretxarte merkatarien elkarteak kaleak girotzeko asmoa agertu du, herriko merkataritzari eta ostalaritzari bultzada emateko helburuarekin. Hileko hirugarren egubakoitzetarako askotariko ekitaldiak antolatuko ditu, eta lehenengoa joan den martxoaren 17an izan zen: Jaiki elkarteko hamaika dantzarik performance ibiltaria egin zuten Araba ibilbidetik Durana kalera bitartean.

Herritarren artean ikusmina sortu zuen ikuskizunak eta Jaikiko kideak pozik agertu dira emaitzarekin; hauxe adierazi du Maier Etxebarriak: "Oso ondo pasatu genuen eta helburua lortu egin zela esango nuke: herria girotzea eta Aretxabaletako merkataritzari protagonismoa ematea. Asensio dendaren erakusleihoan egon ginen, arrandegi barruan sartu ere bai, Durana kalean jarritako alfonbra gorri gainean ibili... Polita izan zen, benetan". Gaineratu du hainbat herritar joan zaizkiela, hunkituta, zoriontzera.

Apirilean txotxongiloak

Aretxarteko presidente Kris Hernandez ere pozik agertu da lehenengo ekitaldi horrekin: "Benetan ederra izan zen. Kalean zegoen jendeak parte hartu zuen eta erantzunarekin oso gustura geratu gara".

Ekindako bide horren arrakasta ikusirik hurrengoa antolatzeko gogotsu daude. Apirilaren 21ean izango da hori (19:00), Ilargi plazan, eta orduan ume eta familiendako saioa egingo dute: "Antzerkiaren bidetik joko dugu eta txotxongiloekin osatutako ikuskizuna izango da".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak