Udaletxean izandako eraso matxista gaitzetsi du Aretxabaletako Udalak

Txomin Madina Milikua 2023ko mar. 16a, 17:19

Kaleratutako adierazpen instituzionalean babesa agertu die Udalak biktimei, eta zurrumurruak geldiarazteko eskatu du.

Otsailaren 28an egindako ezohiko osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzak udaltzainburu izandako R.B.M. kaleratzea, han batu ziren EAJko eta EH Bilduko zinegotzi guztien aldeko botoekin. Horretarako arrazoia izan zen Bergarako epaitegiak frogatutzat eman zuela kaleratutakoak emakume lankideak aldageletan grabatu izana eta, horren ondorioz, intimitatearen kontrako delituagatik zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zitzaiola.

Gertakarion harira, Aretxabaletako Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu du aste honetan. Bertan, gaitzespen "gogorrena" azaldu gura izan du Udaleko langile baten eskutik gertatutako eraso matxistaren aurka, eta, era berean, babesa adierazi die erasoa jasan duten emakumeei eta haien ingurukoei.

Gizartean "normalizatuta"

Adierazpen instituzionalean gaineratzen denez, emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen "bortitzena" da, eta nagusitasun eta desberdintasun-harremanen gainean eraikitzen da. Hala, Udalak nabarmendu du emakumeen aurkako indarkeria "onartezina" den arren gizartean "normalizatuta" dagoela.

Horren harira, Udalak dio emakumeen aurkako indarkeria ez dela "gauez eta kalean" bakarrik gertatzen, eta gizartean "errotuta dagoenez" espazio ugaritan izaten dela; "zoritxarrez", baita Udalean ere.

Udalaren konpromiso "irmoa"

"Prozesua luzea" izan dela jasotzen du adierazpen instituzionalak, eta oraindik "asko" dagoela hobetzeko indarkeria matxistaren identifikazioan eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arretan. Horregatik, Udalak konpromiso "irmoa" hartu du hobetzen segitzeko eta "berdintasunean oinarritutako" herri baterantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko, "sentsibilizazioa eta erreparazioa ardatz" hartuta. Gainera, otsailaren 28ko ezohiko osoko bilkuran hartutako erabakiari erreferentzia eginaz, gogora ekarri du espedientatutako udaltzaina ez dela bere lanpostura bueltatuko, ulertzen duelako hori biktimekiko "indarkeria instituzionala" izango litzatekeela.

Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko, Udalak "ezinbesteko" ikusten du herritar guztien jarrera "aktiboa", Aretxabaleta "berdintasunezkoagoa" lortzeko elkarlanari "nahitaezko" deritzolako.

Bukatzeko, adierazpenak dio garrantzitsua dela informazio "faltsuei" aurre egin eta zurrumurruak geldiaraztea, gizartean emakumeak errunduntzat jotzen dituzten "mito eta aurreiritzi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak