Kanpotik etorritako nerabeei lehen babesa

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 14a, 08:40
Urretxindorra egitasmoan diharduen kuadrilla bat. (Argazkia: SOS Arrazakeria Gipuzkoa)

SOS Arrazakeria Gipuzkoak abian jarritako Urretxindorra egitasmoa Debagoienera iritsi da eta Aretxabaletako Gu Haziak Gara elkarteak hartu du horren ardura; mentoretza programa bat da eta 10 eta 14 urte arteko migratzaileekin hasiko dira lanean.

Urretxindorra egitasmoa Debagoienera iritsi da. SOS Arrazakeria Gipuzkoak daraman Mentoretza Sozialeko ekimena da eta Aretxabaletako Gu Haziak Gara laguntza elkartearen bitartez proiektu pilotua jarri dute abian. Kanpotik etorritako 10 eta 14 urte arteko neska-mutikoak unibertsitate eta goi-mailako ikasketak egiten diharduten ikasle boluntarioekin harremanetan jarriko dituzte astean hiru bat ordu elkarrekin pasatzeko.

Bikoteka, zaletasunen arabera

Aretxabaletan izango du abiapuntua, baina gainerako herrietara zabaltzeko asmoa du Gu Haziak Gara elkarteak datorren ikasturtean. Hala adierazi du horren ardura izango duen Joana Manzisidor arrasatearrak: "Ikasturtea bukatu bitartean egingo dugu proba, proiektu pilotua. Eta, ondo bidean, irailetik aurrera jarraipena izango du, herri gehiagotara zabalduta".

Gaztetxoen ongizate pertsonala, emozionala eta soziala zaintzea da egitasmoaren helburua, horretarako autoestimua, trebetasun pertsonalen eta harremanen garapena, esperientzia berrien bizipena eta bizi diren tokiko espazioen ezagutza sustatuta: "Gure artean denbora gutxi daramaten eta ingurua ezagutzen ez dutelako, harremanak egitea kosta egiten zaielako edo hizkuntza menperatzen ez dutelako egunerokoan zailtasunak dituzten horiekin egingo da lanketa". 10 eta 14 urteko neska-mutiko horiek 18 eta 30 urte arteko eta goi mailako ikasketak dituzten gazteekin, hau da, mentoreekin, jarriko dituzte harremanetan: "Bikoteka elkartuko lirateke; betiere, zaletasunak kontuan hartuta. Astean arratsalde bat pasatzea elkarrekin da kontua".

Nerabeak goi mailako ikasketak egiten diharduten gazteekin elkartuko dira astean behin

Zinemara joan, igerilekura, futbol partidu bat ikustera... Aukera zabala dagoela uste du Gu Haziak Gara elkarteko ordezkariak, eta horretarako erraztasunak ematen ahaleginduko dira: "Donostialdean, esaterako, akordioak dituzte Aquariumarekin eta Txuri-Urdinekin, eta haiei esker debalde sartzeko aukera daukate. Gure asmoa da hemen ere antzeko adostasunetara iristea elkarteekin".

Mentore bila

Proiektu pilotua abian jartzeko lehen pausoak dagoeneko eman ditu Gu Haziak Garak, eta hiru gaztetxo gertu egongo lirateke egitasmoan parte hartzeko. Orain, horien lagun izango diren mentoreak behar dituzte. Interesa izanez gero, elkartera jo behar da, Iralabarri plazako 5. atarian duten egoitzara joanda edo telefonoz deituta: 681 65 59 39.

Aurtengo ikasturtea bukatu aurretik mentore interesatuen zerrenda izan gurako luke, datorren ikasturtetik aurrera, gaztetxoak iritsi ahala, bikoteak egin eta lehenbailehen hasteko prozesuarekin.

Kataluniatik datorren ekimena

Egitasmoa orain dela hamar bat urte jarri zuten abian Gipuzkoan, Kataluniako eredua oinarri hartuta. Eusko Jaurlaritzak proiektuarekiko apustua egin duela adierazi dute SOS Arrazakeriatik, "azken urteetan eman dituen emaitzak ikusiz", eta horri esker Erkidego osora zabaltzen dabiltza. "Astean behin hiru orduz elkarrekin gozatzen dute aisialdiaz eta horrek mentoratuari zein mentore direnei izugarriz- ko onurak ematen dizkie". Batarendako eta bestearendako "bizi-ikaspen" handia dela iritzita.

Gu Haziak Garako dinamizatzaile den Manzisidorrek onartu du Urretxindorra egitasmoak ilusio berezia egiten diola. Lau bat hilabete dituzte orain abian jartzeko, eta irailetik aurrera bete-betean sartzea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak