Bueltan da Loramendiren literatura lehiaketa

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 7a, 08:50

2018an egindako lehiaketan sariak banatzen.

Hogeita zazpigarrenez deitu du lehiaketa Loramendi euskara elkarteak eta hainbat urtetako etenaldiaren ondoren itzuli da; Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik DBHko laugarren mailara arteko ikasleei bideratu diete eta apirilaren 24a arte izango dute lanak aurkezteko epea.

Aretxabaletan bizi edo ikasten duten neska-mutikoei bideratutako literatura lehiaketa antolatu du Loramendi elkarteak; 8 eta 16 urte arteko guztiek izango dute lanak aurkezteko aukera –bakarka zein taldeka, hiru gehienez– eta horretarako azken eguna apirilaren 24a izango da. Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren dator bueltan eta hogeita zazpigarrenez egingo dute.

Literaturara gerturatu

Ume eta gaztetxoak literaturara gerturatzea du helburu aurtengoak, Loramendiko dinamizatzaile Ainhoa Sanchezen esanetan: "Haiek ikus dezaten euskaraz sortzeko zenbat aukera dauden. Horregatik, fantasia mundura bideratu ditugu gaiak, egunero kontsumitzen dituzten kontuak euskaraz ere egon daitezkeela erakusteko eta, gainera, eurek sor ditzaketela aditzera emateko". Berrikuntzaren bat edo beste ere badago: "Ipuin kontatua kategoria sartu dugu DBHkoendako; istorio bat kontatu beharko dute, baina audio bidez".

Adinaren araberako lau multzo egin dituzte eta bakoitzaren barruan hiru kategoria zehaztu. Lanak Loramendiren bulegora eroan beharko dira eta helbide elektronikoa erabilita aurkezteko aukera ere izango da –gaian jarrita Loramendiko XXVII. Literatura Lehiaketa–, honako helbide honetara bidalita: euskara@loramendielkartea.eus.

Sariak maiatzaren 11n

Ziklo eta kategoria bakoitzean sari bakarra banatuko dute: Aretxarteko dendetan gastatzeko bonuak. Epaimahaiak lan horien maila egokia ez dela iritziz gero, ez da saririk banatuko, baina aipamenezko sariak egon daitezke. Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n egingo dute.

Lehiaketaren oinarriak

Hona hemen adinaren arabera eskatutako kategoriak eta horietako gaiak.

Lehen Hezkuntza 3. eta 4. mailak
  • Ipuina Gaia: librea. Bi orri, gehienez.
  • Deskribapena Gaia: izatea gustatuko litzaizukeen superheroia. Bi orri, gehienez.
  • Bertsoa Gaia: zer eskatuko zenioke superheroi bati? Bertso bat zortziko txikian edo bi kopla.
Lehen Hezkuntza 5. eta 6. mailak
  • Ipuina Gaia: fikziozko istorioa. Bi orri, gehienez.
  • Deskribapena Gaia: gustuko dudan abesti bat: zer kontatzen du? Zer sentiarazten dit? Bi orri, gehienez.
  • Bertsoa Gaia: zer eskatuko zenioke superheroi bati? Bertso bat, zortziko txikian edo handian.
DBH 1. eta 2. maila
  • Ipuina Gaia: fikziozko istorioa. Bi orri gehienez.
  • Deskribapena Gaia: gustuko dudan abesti bat: zer kontatzen du? Zer sentiarazten dit? Bi orri gehienez.
  • Gogoeta Gaia: nolakoa izango nintzateke superheroia banintz? Bi orri gehienez.
DBH 3. eta 4. mailak
  • Gogoeta Gaia: nolakoa izango nintzateke superheroia banintz? Bi orri gehienez.
  • Kontatutako istorioa Gaia: 2100. urtean kokatutako istorioa. Audioak 10 minutu, gehienez.
  • Poesia Gaia: zer esango zenioke zure buruari? Bi orri, gehienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak