Hamar aretxabaletarretatik lauk dihardute euskaraz kalean

Mirari Altube Arrese 2023ko ots. 7a, 07:50

Hainbat ume gurasoek lagun eginda Herriko Plazan.

Hizkuntzen erabileraren kale neurketa egin zuen 2021ean Soziolinguistika Klusterrak eta Aretxabaletan behatutako 3.521 solaskideetatik %41,2k ziharduten euskaraz; 2016an egin zuten aurreko azterketa eta ordutik 4,3 puntu egin du behera.

Kaleetako hizkuntza-erabileraren gaineko datuak eskuratu eta horren bilakaera ezagutzera emateko asmoarekin, Aretxabaletan laugarrenez egin du behaketa Soziolinguistika Klusterrak. 2001eko udazkenean egin zuen lanketa hori: irailaren 17a eta urriaren 6a bitartean, hain zuzen ere; guztira 24 ordu. Behaketa hori honako kale hauetan egin zuten: Bedarreta auzoa; Santakurtz ondoko pasealekutik Errekabarren kalea hartu, jarraian Loramendi kalea eta Belorrieta auzora; eta Markole auzoa eta herri irteerako etxeak. Guztira, 1.175 elkarrizketa jaso zituzten eta horietan parte hartu zuten 3.521 solaskideek osatu zuten lagina. Orain, datuek erakutsi dute %41,2k euskaraz zihardutela, %57,7k gazteleraz eta %1,1ek beste hizkuntza batean.

Beheranzko joera

Soziolinguistika Klusterrekoek diote emaitzen gorabehera puntualei baino gehiago, joerei erreparatu behar zaiela. Aretxabaletaren kasuan, beheranzko joera atzeman da; izan ere, orain dela bost urte egindako azterketatik 4,3 puntu egin du behera, orain dela hamar urte egindakotik 7,8 eta orain dela hogei urte, 2001ean jasotakotik, 13,3.
Koldo Zubillaga Udaleko Eus
kara zinegotziak ere aztertu ditu datuok eta kezkatuta agertu da: "Beheranzko tendentzia dago, bai, eta latza da hori. Dena den, uste dut orokorra dela joera; hau da, egoera antzekoa bizi dutela inguruko herrietan ere".

Sexuari erreparatuz gero, emakumezkoek gehiago egiten dute euskaraz: %43,8k; gizonezkoek, ostera, %37,9k. Bi multzoek egin dute behera 2016ko datuei begiratuz gero, baina oso era diferentean; emakumezkoen kasuan 0,3 puntu jaitsi da eta gizonezkoenean, berriz, 9 puntu.

Umeek egiten dute gehien: %56,1k; eta
ondoren, 25 eta 44

urte arteko helduek
: %49k

Adin tarteak aztertzeko bost talde egin dituzte eta horien artean haurrek (2-14 urte) egiten dute gehien: %56,1; gazteen artean (15-24 urte), %42,4k; heldu-gazteek (25-44 urte), %49k; heldu-nagusiek (45-64 urte), %35,2k; eta adinekoek (64 urtetik gorakoek), %22,2k. "Umeen taldetik gazteenera pasatzean beherakada handia dago; kalean gero eta gehiago entzuten da nerabeen artean gazteleraz. Zergatik? Nik esango nuke kanpotik input asko dituztela: sare sozialak –TikTok, Youtube...–, ikus-entzunezkoak... Eta erreferentziak falta zaizkie. Horregatik, euskararen presentzia areagotu egin beharko litzateke halako plataformetan", adierazi du Zubillagak. Hala ere, azken neurketa egin zenetik 1,9 puntu gora egin du talde horrek eta "itxaropenerako izpi bat" izan daiteke; hortaz, datozen urteei adi egon beharko da.

Heldu-gazteen multzoan zergatik egin duen gora erabilerak zehaztu du: "Horiek dira umeen gurasoak eta eragina du horrek. Hain zuzen ere, umeak elkarrizketaren parte direnean helduok gehiago egiten dugu euskaraz". Datuek ere horixe erakusten dute: haurren %45k egiten dute euskaraz bakarrik daudenean, nagusien artean %32,8k eta haurrak eta nagusiak nahasterakoan %64,5ek dihardute. "Argi dago helduok apenas egiten dugula euskaraz, eta, gainera, ez garela eredu. Eta hori da larria". Bilakaerari erreparatuta, ostera, 2016tik hona gora egin duen bakarra nahastutako multzoa izan da: 2,1 puntu.

Abian jarritako ekimenak

Zubillagaren esanetan, gakoa da dakitenek euskaraz egitea: "Datuok argi uzten dute dakigunok ez dugula euskaraz egiten, eta arrazoia ez da ez dakitenek ez ikasi izana". Euskaraldiaren ardatza, hain zuzen ere, hori da, ohitura aldaketa, baina hamabost egun nahikoa ez direla uste du: "Euskaraz dakigunon lana ezin da mugatu bi astera; 365 egunean egin behar dugu, bereziki, Aretxabaleta moduko herri euskaldunetan".

Udalak, berriz, baditu abian euskara sustatzeko bi ekimen. Batetik, kirol elkarteekin: "Umeek eta gazteek, sarritan, uste dute euskara hizkuntza akademikoa dela, eta ez aisialdian eta kalean berba egiteko. Horri buelta emateko UDArekin hasi ginen lanean orain dela urte batzuk eta Ointxerekin ere badihardugu orain". Donostian martxan jarritako KEES metodologia –Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologia– oinarri hartuta dabiltza: "Entrenatzaileek trebakuntza jasotzen dute euskaraz jarduteko, erreminta batzuk. Talde gazteenekin hasi dira eta poliki-poliki guztietara zabalduko da". Gaineratu du hurrengo erronka dela UDArekin euskara plan bat abiaraztea.

Bigarren lanketa merkataritza eta ostalaritza zerbitzuko kideekin dabiltza egiten: "Elhuyarrek diagnostiko bat egin zuen eta, euskararen paisaia polita erakutsi bazigun ere, badakigu lan asko dagoela egiteko". Lantalde bat osatu dute horretarako, "euskararen presentzia bermatzeko eta sustatzeko".

Era berean, Loramendi elkartearen lanari balioa eman dio Zubillagak: "Urteetan dihardu horretan eta Udalak eta euskara elkarteak eskutik joan behar dute, ezinbestean. Horretan gabiltza eta ez dugu etsiko".

Loramendi elkartetik adierazi dute Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako txostenaren irakurketa patxadaz egin gura dutela eta aurrerago emango dutela horren berri.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak