Abian da Euspot lehiaketako hamabigarren edizioa

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko urt. 25a, 16:28

‘Zientzilari eta ikertzaile izan nahi dut!’, izango da hamabigarren edizioko gaia eta gazteengan zaletasun zientifiko zein teknikoak sustatu nahi dituzte. 3.000 euro banatuko dira saritan eta iragarkiak maiatzaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Martxan da Euspot lehiaketako hamabigarren edizioa. Aurten, parte hartu nahi duen orok honako gai honi egin beharko dio kasu: "Zientzilari eta ikertzaile izan nahi dut!". Helburua da gazteengan zaletasun zientifiko eta teknikoa bultzatzea, izan ere, aurtengo edizioko babesle nagusia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030) izango da.

Euspoten edizio berria Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzak ospatu da eta bertan izan dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzararako komisionatua den Cristina Uriarte, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio campuseko zuzendaria den Goio Arana, Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea, Arantzazu Lagunilla Arteman Komunikazio enpresako zuzendaria, Naiara Okina Arizmendi Ikastolako komunikazio arduraduna eta Leire Luengo Bai Euskarari elkarteko ordezkaria.

30 segundoko iragarki bat sortu beharko da zaletasun zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko. STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) gaiak gazteengana hurbildu eta balioetsi nahi dira.

Eskoletan, formakuntza saioak
Urtero lez, Arteman Komunikazio enpresako langileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, iragarki egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saio horien helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea, eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen ditu. Interneteko sare sozialetan, gainera, 2.000 jarraitzaile baino gehiago ditu lehiaketak. Parte hartu nahi duen orok lehiaketaren inguruko informazio gehiago topa dezake Euspoteko webgunean

Euspot lehiaketaren aurtengo edizioan sei sari banatuko dituzte (3.000 euro orotara): Iragarkirik onena; Publikoaren saria; Gazteen saria; Musika sinkronizazio onenaren saria; Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena; eta Arizmendi ikastolako ikasleen lanik onena.

Euspot ez dago soilik gazteei zuzendua, edonork partu hartu dezake lehiaketan. Edizio guztiak batuz, 600 iragarki baino gehiago jaso dituzte. Antolatzaileek aurtengo edizioan ere parte hartzaile asko espero dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak