Udaberrian beharrean –orain artekoak legez–, negu betean egingo dute aurten Huhezinema jaialdia, urtarrilaren 25etik 27ra bitartean, hain zuzen ere, eta egitarau betea osatu dute. Hamaseigarrenez dator Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio ikasleek antolatutako ekimena eta herritarrak ere parte hartzera animatu dituzte; bereziki, "ikus-entzunezkoak maite" dituztenak.
Hiru sail, 32 finalista
Hiru sailekin osatu dute jaialdia eta, guztira, 84 lan jaso dituzte; horregatik, oso pozik agertu da Iban del Campo, Huhezinemako zuzendari artistikoa: "Sormen isuria etengabea dela erakusten du horrek. Eta lan handia izan dugu aukeraketa egiterakoan". Izan ere, 84 horietatik 32 dira finalista. Sail Ofizialean hamar film izango dira. "Eskarmentu handiko sortzaileen lanak eta hasiberrienak uztartu ditugu. Adibidez, Esti Urresolaren Cuerdas film laburra dago, Goya sarietarako ere izendatua", dio, eta gaineratu du: "Askotariko estiloak eta formatuak aukeratzen saiatu gara: drama da gehiengoa, baina badago animaziozko lana, komedia, lan esperimentala...".
Ikasle Sailean Mondragon Unibertsitatetik kanpoko ikasleen lanak ere onartu dituzte aurten. "Euskal Herrian ekoizten denak behar du pauso hori", adierazi du antolatzaile taldeko kide Julen Iglesias ikasleak. Sail horretan beste hamar lan izango dira lehian. Eta iaz abian jarritako Bideoklip Saileko finalerako hamabi lan sailkatu dira.
Proiekzioak eta solasaldiak
Eguaztenean ekingo diote euskal film laburren jaialdiari, Kurtzebarri eskolako ikasleei eskainitako emanaldi batekin, hain zuzen ere. Ondoren, Ikasle Saileko eta Bideoklip Saileko finalisten lanak emango dituzte.
Eguenerako, Arantxa Moñux aktorea eta Ane Aseginolaza bikoizketan diharduen aktorea gonbidatu dituzte hainbat gairen gainean jarduteko. Ondoren, Oñatiko gaztetxe mugimendua ardatz duen Ixilik nahi gaituztenean, Mari filma emango dute eta haren egile eta protagonistekin solasaldia izango da gero.
Kepa Errasti epaimahaian
Sail Ofizialean finalista diren lanak egubakoitzean erakutsiko dituzte eta iluntzean sari banaketa ekitaldia izango da. Epaimahai ofiziala hiru kidek osatuko dute: Andoni Imaz kazetariak, Nagore Eceiza film zuzendariak eta Kepa Errasti aktore eta gidoilari aretxabaletarrak. Mundukide Saria ere emango du izen bereko gobernuz kanpoko erakundeak, baita Vertigo Saria ere Mondragon Unibertsitateko ikasleek dirulaguntza publiko barik ekoiztutako film bati, eta aurten, lehenengoz, Senior Saria izango da, erretiratuz osatutako epaimahai batek emango duena. Guztira, 4.000 euro banatuko dituzte sarietan.