Puntu banaketa (1-1) UDA eta Elgoibarren arteko neurketan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urt. 8a, 18:25

Lehen zatian markagailuan aurretik jartzea lortu du Unai Calzonen taldeak, Belokik sartutako golari esker, baina aldageletatik bueltan, berehala egin du banakoa Elgoibarrek. Azken minutuetan bat gutxiagorekin aritu dira kanpotarrak baina UDAk ezin izan du hiru puntuak emango zizkion gola sartu.

Neurketa borrokatua eskaini dute UDAk eta Elgoibarrek gaur arratsaldean Ibarra futbol zelaian. Etxekoentzat puntu garrantzitsuak zeuden jokoan sailkapenaren behetik ihes egiten jarraitzeko eta kanpokoentzat aldiz, sailkapenaren goialdera gerturatzeko.

Lehen zatia, partiduaren gehiengoa bezala, oso lehiatua izan da, nahiz eta UDAk baloi jabetza gehiago izan duen. Aukerak ere etxekoenak izan dira eta atzealdean sendotasuna erakutsi du Unai Calzonen taldeak. Lanaren fruitua 38. minutuan jaso dute lehen gola eginez; Belokik, jokaldi baten ostean area barruan gelditu den aldaratze bat sareetara bidaltzea lortu du (1-0). Emaitza horrekin iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatia ordea ez da behar bezala hasi Calzonek zuzendutako taldearentzat, 53. minutuan Elgoibarren berdinketa lortu duelako baloiak langa jo eta gero. Denbora asko gelditzen zen oraindik jokatzeko Ibarrako futbol zelaia eta ezin esan aretxabaletarrak saiatu ez direnik. Aukerak izan dituzte, azken hamar minutuetan jokari bat gutxiagorekin aritu da Elgoibar eta estutu dute etxekoek, baina azkenean ezin. Partida amaieran Iban Calzon entrenatzailea zapore gazi-gozoarekin gelditu da puntuarekin, baina nahiko gustura egindako lanarekin: "Partida zaila genuen aurrean, baina uste dut oso neurketa serioa egin dugula eta irabazteko merituak ere bai, baina azkenean ezin izan da".

Puntu bakarra batuta hamasei ditu orain sailkapenean UDAk eta hamabosgarren postuan da, behealdeko borrokan sartuta. Hurrengo jardunaldian Mutrikuri egingo diote bisita, aste honetan Mondraren aurkari izan denari.

Bergarak galdu egin du Eibarren (3-1)

Neurketa zaila zuten Iker Ruiz de Larramandiren jokalariek, goiko postuetan dagoen Eibar taldeari egin diote bisita Unben. Hiru eta bat amaitu da neurketa baina mahoneroak izan dira lehenik markagailuan aurreratu direnak Mikel Najerak egindako golari esker. Bigarrena ere "gertu" izan dutela adierazi dio Bergarako entrenatzaileak goienari, baina zoritxarrez ate aurrean asmatu duena etxeko taldea izan da atsedenaldira iritsi aurretik. Atsedenalditik bueltan ordea hamar minututan bi gol gehiago egin ditu Eibar taldeak eta amaierako emaitza (3-1) jarri du markagailuan. Gauzak honela, sailkapenaren atzealdean jarraitzen dute Bergararrek eta datorren astean ere ez dute aurkari erraza izango aurrean, bigarren sailkatua, Añorga, etorriko delako Agorrosinera.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak