Etxean jokatu du Mondrak 2023ko lehenengo partidua. Sailkapenean azkenak diren arrasatearrek Mutriku izan dute aurkari eta azken uneko jokaldi bati esker garaipena eta lehian zeuden hiru puntuak eskuratzeko aukera bikaina izan duten arren, 2-2 izan da azken emaitza.
Arrasatearrak izan dira lehen gola egin dutenak; Andoni Etxeberria izan da egilea, 27. minutuan. Baina pozak ez du gehiegi iraun Mojategin, Mutrikukoek gutxira, 31. minutuan egin dutelako euren lehena.
Bigarren zatiari markagailuak 1-1 zioela ekin ostean, 82. minutuan etorri da partiduko hirugarren gola, kasu horretan, Mutrikurena. Etxekoak, baina, ez dira kikildu eta handik gutxira, 84. minutuan, Xabat Otxandianok 2-2 ezarri du markagailuan. Luzapeneko azken minutuan aukera aparta izan dute arrasatearrek lehia irabazteko, baina ez dute asmatu baloia sarean sartzen. Hala, puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute. Gaurkoaren ostean, Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako azken postuan jarraitzen du Mondrak zortzi punturekin.
"Borrokatu egin dugu"
“Sentsazioak ez dira txarrak izan. Taldeak ondo jolastu du, borrokatu egin dugu”, azaldu du Mondrako atezain Gaizka Iturriozek norgehiagoka bukatu ostean. “ Irabazten hasi gara, eta gero akats baten ondorioz egin digute gola. Gero Saiatu gara gure jokoa inposatzen, baina ez dugu lortu. Hirugarren golaren ostean, baina, gai izan gara buelta emateko eta behintzat berdinketa lortzeko”, gaineratu du.
Mutrikuren bigarren golak zeresana eman du harmailetan, askok ez dutelako uste izan guztiz barrura sartu denik; Iturrioz ere iritzi berekoa da: “Nik neuk, atetik, esango nuke ez dela guztiz sartu baina epaileak esan du garbi ikusi duela. Niretzat, baina, garrantzitsuena izan da taldeak borrokatzen jarraitu duela eta buelta ematea lortu dugula”. Azken jokaldiari dagokionez, “pena bat” dela esan du atezainak: “Zutoinera joan da baloia. Aurreko urtean sartzen zirenak aurten ez dira sartzen”.
Abendu erdialdean izendatu zuten David Muñoz Mondrako entrenatzaile eta gaur izan du kargu horretan bigarren partidua. “Elkar ezagutzen ari gara, baina taldea gidatzen duenetik, poliki bada ere, puntuak lortzen gabiltza. Ea datorren astean Aloña Mendiren kontra dugun partidua irabazten dugun”, esan du Iturriozek.
Jardunaldiko beste emaitza batzuk
Hain zuzen ere, Aloña Mendik ere gaur jokatu du jardunaldiko bere partidua. 0-0 berdindu du Zarautzen jokatu duen partidua.
Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan, aldiz, Leintz Arizmendik 1-4 irabazi dio Lagun Onaki eta Bergarak 1-2 galdu du Amaikak Baten kontra.