1989an ikasketak amaitu eta berehala zabaldu zuen Roberto Aguilerak Andra Mari aholkularitza, beste bazkide batekin. Hainbat arrazoi medio, beste kideak utzi egin zuen eta Jose Luis Maqueda hasi zen, 1994an. Aguilera Lan-harremanetako graduatua da; Maqueda, abokatua.
Ze zerbitzu ematen dituzue?
Aholkularitza integrala ematen dugu. Ez bakarrik negozioa martxan jarri nahi duenari –hori da gure indargunea–, baita arlo pertsonalean ere. Aholkularitza fiskala, aholkularitza gai juridikoetan... Zuzenbidea gai zabala da, eta arlo zibila nahiz merkataritzako zerbitzua ere eskaintzen dizkiegu. Oinordetzak ere kudeatzen ditugu.
Buruhauste handiak egoten dira oinordetzeekin?
Bai; oso mundu konplexua da. Egia da askotan iparra galtzen dela diruaz hitz egiten denean, baina oso gai zabala eta polita da. Ni [Jose Luis Maqueda] pertsonalki asko asetzen nau.
Arazoen tartean zaudete. Horrek bizitza pertsonalean eragiten dizue?
Bai; logikoki, ez digu berdin eragiten 20 urterekin edo orain. Ezberdina da. Norberaren izaerak ere markatzen du hori. Agian, etxean zaude, baina buruan darabilzu arratsalde horretan eskuartean izan duzun gaia. Gero, batzuetan, horrelako momentuetan bururatzen zaizkizu soluzioak.
Zaila da lanetik deskonektatzea?
Bai, burua ezin duzulako itzali. Irtenbidea aurkitu arte zaila da pentsatzen uztea. Hala ere, adinarekin eta esperientziarekin, gutxiago eragiten du, eta ikasi dugu deskonektatzen.
Lanaren alderik onena?
Jendearekin dugun harremanak eta hemendik aho-zapore onarekin joateak asko betetzen gaitu. Azkenean, eguna arintzen dizu; hori da gure lana eta horretatik bizi gara.
Aholkulariek trajea janzten dute?
Gai kuriosoa da. Zonaren araberakoa dela esango genuke. Hiriburura bazoaz, ez dauka hemengoarekin zerikusirik. Trajea eramatea gustatu egin behar zaizu edo enpresak behartzen zaituelako eraman. Irudi kontua da; badirudi trajez doan pertsona jakintsua edota errespetuzkoa dela.
Irudia aipatu duzue; aholkulari eta abokatuak serioak dira?
Pertsonak gara eta denetarik dago. Gugana zatozenean litekeena da arazo batengatik izatea; hortaz, bezeroa ezin duzu irribarre batekin hartu, harentzat kontu serioa baita. Gainera, ez da gauza bera lehenengo kontaktua edo zortzigarren aldia. Konfiantza hartzen joaten zara eta harremana aldatu egiten da.
Kontuz Interneteko bilaketekin!
"Arlo guztietan bezala, legediaren inguruko ezjakintasun handia dago. Interneten bilaketak eginez informatzen gara, baina kontuan izan behar dugu argitaratzen duten guztia ez dela egia. Behin, pertsona bat etorri zen, legedi batean ez dakit zer irakurri zuela esanez. Non jartzen zuen galdetuta, konturatu ginen Argentinako araudia zela. Legeak zaharkitu ere egin daitezke eta kontuz ibili behar da. Bilatzaileen onena da nahi beste informatu gaitezkeela".