Hainbat proiektutan murgilduta dabil Gu Haziak Gara, eta oraintsu, beste bat sortu dute: Egokitu. Miren Vilchez aretxabaletarrak du horren gidaritza une honetan eta beste hiru lagunek ere badihardute harekin. Ezintasunen bat dutenendako –lesioak, protesiak...– arropak egokitzea da taldetxo horren egitekoa.
"Urteak daramatza elkarteak joskintza ikastaroak ematen eta arropak konpontzen, eta, lan-karga handitze aldera, beste proiektu batzuetan murgiltzea erabaki zuten. Asmoa zen arropa berriak sortzea eta saltzea, baina, langile baten baja tarteko, horri buelta eman eta arropak egokitzen hasi ziren", azaldu du Vilchezek, eta gaineratu une hartan egin zuela topo proiektuarekin. Ingeniaria da hura, baina ezin gusturago dabil beste zeregin batzuetan: "Proiektuarekin aurrera egiten lagundu diet; bereziki, zerbitzuaren diseinuan eta baliabideen antolaketa-lanetan jardun dut".
"Beharrezko zerbitzua"
Egokitu proiektuari 2022ko martxo inguruan ekin zioten eta D2030 egitasmoaren barruan dago kokatuta. Garapen-lanetan jardun dute orain arte eta horren berri Neguko Azokan eman zuten lehenengoz, jendaurrean: "Gure izena zabaltzen hastea zen asmoa, egindako lan batzuk erakutsita, eta, egia esan, herritarrek interes handia erakutsi zuten". Edozein eratako jantziak egokitzen dituzte: berokiak, soinekoak, prakak zein jertseak, baita pijamak eta barruko arropak ere. Eta norberari egokitutako moldaketak egin kortxeteekin, kremailerak jarrita, imanak dituzten botoiekin...
Aurkezpen ofizialik egin ez badute ere, dagoeneko hasi dira proiektuaren berri ematen han eta hemen: "Zaintza arloan lanean dihardutenekin egon gara eta ideia bikaina iruditu zaie; benetan beharrezko zerbitzua dela esan digute. Bereziki, pertsona nagusiengan pentsatu dugu; izan ere, garrantzitsua da urteetan aurrera egin arren autonomiari eustea eta gustuko arropekin janztea, norberaren izaerari uko egin barik".
Hamar urteko ibilbidea
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Gu Haziak Gara eta aurten hamar urte beteko ditu. Gizarteratzea eta laneratzea ditu helburu; bereziki, bazterketa arriskuan dauden pertsonengan jarrita arreta. Elkarteak Iralabarri plazan du egoitza eta Egokituren bueltako eskaerak ere bertan egin behar dira, edo telefonoz deituta: 681 65 59 39.