Iker Aizkorbe: "Euskal Herriak duen paisaiaren aberastasunaz jabetzeko balio dezake erakusketak"

Koldo Zubia Salas 2022ko abe. 12a, 12:33

Euskal Herriko paisaia eta natura argazkietan oinarritzen da Iker Aizkorbe aretxabaletarraren argazkilaritza. Urteetan argazkiak ateratzen egindako lan hori saritu nahi izan diote Aretxabaletako Udaleko Kultura Sailetik, eta Aizkorberen argazkiak ikusgai izango dira abenduaren 5etik 30era Zaraia aretoan.

Nola hasi zinen argazkilaritzan?

Kasualitatez hasi nintzen. Betidanik gustatu izan zaizkit argazki kamerak, eta, halako batean, oparitu egin zidaten bat. Ez nekienez kamera erabiltzen, oinarrizko ikastaro bat jaso nuen, eta horrekin, gaur egun arte. 

Zergatik oinarritzen duzu zure argazkilaritza naturan eta paisaietan?

Alde batetik, natura asko gustatzen zaidalako eta bertan eroso sentitzen naizelako; eta, bestetik, argazkilaritza mota honek ez didalako inongo konpromisorik eskatzen. Probatu izan ditut erretratuak, arkitektura-argazkilaritza, ezkontza-argazkiak eta bestelakoak, baina beste batentzat lan egiten dudanean presiopean sentitzen naiz. Nik argazkilaritza zaletasun bezala ikusten dut, eta ez lan bezala.

Argazkiak aurretik planifikatzen dituzu?

Hasiberria nintzenean, askorik pentsatu gabe ateratzen nituen argazkiak; argazkiak egitea zen kontua. Denborarekin, ordea, lekua ez bada berria, behintzat, aterako ditudan argazkien ideia bat eginda joaten naiz hoiriek ateratzera. Askotan, argazki programatuak dira, eguraldiaren edo urte garaiaren arabera erabakitzen dudalako argazkiak ateratzera leku batera edo bestera joatea.

Euskal Herriko paisaien argazkilaritzara mugatzen zara ala bidaiatu egiten duzu?

Gustatuko litzaidake bidaiatzea; baditut agendan Islandia eta Argentinako Patagonia, baina, momentuz, ametsa da. Euskal Herrian edo inguruetan ateratzen ditut argazkiak eta oso eroso sentitzen naiz, gainera. Gu ez jabetu arren, Euskal Herrian sekulako paisaia aberastasuna daukagu: kostaldea, mendiak, basoak... eta basamortua ere badaukagu. Horregatik, momentuz, ez dut bidaiatu; inguruan aurki ditzakegun paisaietan oinarritzen da nire argazkilaritza.

Zerk egiten du berezi zure argazkilaritza?

Egia esan, ez dakit; egiten ditudan argazkiak txukunak izaten saiatzen naiz, konposizioa landuz, adibidez, baina hori argazkilari askok egiten dute. Hala ere, uste dut paisaia-argazkilaritza egiten duten argazkilari batzuek eta, batez ere, hasiberriek leku ikonikoei argazkiak ateratzen dizkietela, eta ni azkenaldian hortik aldentzen hasi naiz. Azken finean, beti toki ikoniko berei argazkiak ateratzea kromo-bilduma bat egitea bezalakoa dela uste dut. Horregatik, inork argazkirik atera ez dion zuhaitz hori aurkitzen ahalegintzen naiz, niri sortzea gustatzen zaidalako. Leku enblematikoetara ere joaten naiz, baina beti zerbait ezberdina egiteko asmoarekin.

Argazki erakusketarekin pozik zaude? Zure argazkientzako erakusleiho bat izan daiteke?

Pandemia aurretik proposatu zidaten Aretxabaletako Udalaren Kultura Sailetik erakusketa egitea, baina atzeratzen joan da, gaur arte. Proposamena gustatu zitzaidan, ez bakarrik nire argazkientzat erakusleiho bat delako; izan ere, argazkiak webgunean edo Instagramen baino hobeto ikusi daitezke paperean inprimatuta eta horrelako erakusketa batean. Hori uste dut nik. Nire lehen erakusketa da eta oso pozik nago; ea jendeak erantzuten duen eta beste bat egiteko aukerarik dagoen.

Lehenengo erakusketa zure jaioterrian izatea ere berezia da, ezta?

Bai, berezia da, eta sartu ditut herrian bertan egindako argazkiak ere. Norberaren herrian horrelako errekonozimendu bat jasotzea eta jendearen interesa ikustea pozgarria da, harro sentitzen naiz horretaz.

Baduzu ezer esateko jendea erakusketa ikustera joan dadin animatzeko?

Lehen egindako galdera baten harira, toki berriak ikusteko bidaiatzera gaude ohituta, ez gara konturatzen inguruan dugun paisaia aberastasunaz. Bertan duguna galtzen dugu beste leku batera joatean; horregatik animatzen dut jendea erakusketara joatera, inguruan dugun aberastasun horretaz jabetzeko aukera ere ematen duelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak