Jon Diaz: "Azken unean dakigu zer jango dugun Gabonetan"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abe. 3a, 10:00

Jon Diaz, eguaztenean, harategian.

Txikitan harategian erosketak egitea gustatzen zitzaion eta gaur egun negozioa dauka; Gabonetan "betikoa" saltzen duela dio; hau da, azpizuna eta txuleta.

1999an zabaldu zuen harategia Loramendi auzoan, eta 2019an lekualdatu zen Durana kalera. Inguruko baserrietako jeneroa saldu izan dute betidanik, baina, erdigunera joanda lokala handiagoa zenez, eskaintza zabaldu zuten. Elikagai gehiago kozinatzen dituzte, eta janaria prestatzeko probekin ere hasi dira duela gutxi. Dagoeneko bezeroak hasi dira jakiak enkargatzen Gabonei begira.

Nolatan harakin?

Betidanik gustatu izan zaidan zerbait da. Gogoratzen naiz nola amak erosketak egitera bidaltzen ninduen, eta asko gustatzen zitzaidan harategira joatea. Ikasketetan ez nintzen oso trebea, eta, tira, harakin lanetan hasi nintzen.

Gabonak gertu daude. Egun horietarako eskaintza berezirik baduzu?

Izokin ketua ekartzen dugu data hauetarako, baina, bestela, ez dugu ezer berezirik izaten. Lehen, oilasko edo indioilar beteak egiten genituen, baina ez ziren askorik saltzen.

Gabonetako enkarguak egiten hasi dira bezeroak?

Bai. Batzuk azken unera arte egoten dira zain, baina guk daukagun jeneroa daukagu, eta saltzen denean, listo.

Gabonetan zer eskatu ohi dizute bezeroek?

Betikoa saltzen da: azpizuna, txuletak, entrekotak, bildotsa... Urdaiazpiko bereziagoa eta pateak ere eskatzen dituzte.

Eta zuen etxean zer jaten da?

Harategian sobratzen dena jaten dugu. Amak beti galdetzen dit, baina azken unean dakigu zein izango den gure menua.

Gabonak nola ospatuko dituzu?

Familian. Ezin gara kanpora joan, lana daukagulako. Lehen, batzuetan, Potesera joaten ginen, aita hangoa baitzen. Etxea daukagu eta, batzuetan, hara joaten gara egunak pasatzera.

Lanaren alderik onena?

Jendearekin dudan tratua eta inoren menpe lanik egin behar ez izatea da onena. Bezeroen erantzun onak ere bete egiten nau. Ederra da norberaren produkturen bat erosi eta goxoa dagoela esaten dutenean; lanean jarraitzera motibatzen nau.

Lanetik gutxien gustatzen zaizuna?

Ordutegia eta oporrak, adibidez. Lan lotua da; badakizu noiz sartzen zaren, baina ez dakizu noiz aterako zaren. Bestalde, oporegun gutxi dauzkagu.

Bada, denbora librea duzunean zer egitea gustatzen zaizu?

Motorzalea naiz. Motorrean ibiltzea eta horren inguruko lasterketak, zirkuituak... gustatzen zaizkit. Paseoak egiten ditut. Bestalde, mutikoari arrantzan egitea gustatzen zaio. Hara, harakina arrantzan.

Harategiko erosketak Internet bidez?

"Gu zortea dugun sektorea gara; normalean, ondo saltzen dugu. Hala ere, Internet sektore honetan sartuko da, ziur. Egia da gizartean online erosketak egiteko ohitura badagoela, baina gu, momentuz, libratzen ari gara. Pandemian hasi ziren txuletak online saltzen. Egia da guri, agian, mina baserritarren paketeek egiten digutela. Azkenean, harakinak baserrietan ez badu txahala erosten, baserritarrak zerbait egin behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak