Zelako agintaldia izan da bigarren hau?
Ahazteko modukoa. Lehenengoarekin ez du inolako zerikusirik izan; ez dakit pandemia izan den edo urteak aurrera doazen. Sentsazioa da errekako korrontearen aurka gabiltzala igerian; asko pentsatu behar dut une onen bat topatzeko. Administrazioan burokrazia izugarria da, eraginkortasunik batere ez; eta, enpresa mundutik etorrita, kosta egiten da. Epeak izugarri luzatzen dira; edozein txikikeriak aurrera egin dezan bi urte, hiru urte behar dira... Eta horrela ezin da aurrera egin.
Hala ere, Udal Gobernuaren agintaldiko bi proiektu estrategikoak abian dira: Santa Kurtz kalearen eraberritzea eta adinekoendako gizarte zentroa?
Bai; Santa Kurtz laneko lanak bukatzear daude eta jendea oso gustura dago, nahiz eta kexatxoren bat jaso. Ezinbestean egin beharreko lana zen eta oso ondo geratu da kalea; hilabeteren buruan bukatuta izango da. Komentuari dagokionez, lanen hasiera epea luzatu egin da, baina dagoeneko abian da eta erritmo onean, gainera. Hala, hurrengo urte bukaerarako gertu egongo da. Beste proiektu batzuk ere badaude, eta joan aurretik abian jarri gurako genituzke, nahiz eta amaituta ez ikusi guk. Komentuaren inguru guztia urbanizatzea dago horien artean; herriak asko irabaziko du horrela.
Ahazteko modukoa esan duzunean pandemiagatik izan da, orduan?
Agintaldiari gogotsu ekin genion; ekonomikoki egoera hobera zihoan eta plan asko genituen. Baina gakoa pandemia izan da, bai. Eragin handia izan du Udal Gobernuarengan zein herritarrengan, orokorrean; kultura aldaketa bat ikusi dut eta jendearengan desadostasun handiagoa geratu da. Gobernatzeari dagokionez, desastrea izan zen; ez genekien zer egin zitekeen, zer ez... Hasieran, ekonomikoki ere asko igarri zen eta horrek ziurgabetasuna ekarri zuen. Gainera, erabaki batzuk hartu behar izan ziren, eta, askotan, ez dakit zein oinarri zientifiko zuten horiek; denborak erakutsi du egindako asko ez zirela beharrezkoak. Bi urte luze izan ziren.
Osasun etxe berriaren lanak hasi ditu Jaurlaritzak. Pozik?
Ia bost milioi euro inbertitu ditu horretan Jaurlaritzak eta oso pozik gaude. Agintaldi hasieratik zegoen erdi lotuta, nahiz eta gero luzatu egin den. Urteetako eskaera bat zen eta hurrengo urte bukaerarako amaituta egongo da. Herriak punta-puntako zentro soziosanitarioa izango du. Udaleko Gizarte Zerbitzuek ere lekua izango dute bigarren solairuan, eta herritarrek arreta osoa jasoko dute han.
"PUNTA-PUNTAKO
ZENTRO SOZIO-
SANITARIOAREKIN
HERRITARREK ARRETA
OSOA JASOKO DUTE"
Kuartela ere udal eraikinen artean dago. Haren egoeraren gaineko hausnarketarik egin duzue?
Kuartelaren egoera txarra da, hori ukaezina da. 1932 inguruko eraikina da eta berritze-lan handirik ez du izan. Asmoa da instalazio elektrikoaren lanak bideratzea. Baina nik neuk horren aurretik lehentasuna duten beste proiektu mordoa daudela uste dut, eta herrian galdetuz gero ere bai.
Kiroldegia ordaintzen bukatu da; horrek lasaitasuna ekarri du?
2008 ingurutik ari ginen hori ordaintzen eta zorraren azken ordainketa iazko abenduan egin zen. Orain berriro zorpetzea da asmoa proiektuak finantzatzeko eta urte bukaeran erabakiko dugu zenbat; bere garaian 2.700.000 euro onartu genuen, orain aztertzen ari gara, litekeena da gutxiago eta aurrerago behar izatea.
Argindarraren eta gasaren igoeragatik erabakiren bat hartu beharra egon da kiroldegian?
Energia gastuak izugarri hazi dira, bai, eta arduratuta gaude. Argindarrean ia bikoitza kontsumitzen du orain, eta gasean ia laukoitza. Herriko farol guztiek batera baino askoz gehiago kontsumitzen du, eta 1.800 farol ditugu. Abuztuko fakturak hankaz gora jausteko modukoak izan ziren; gasak izugarrizko pikoa izan zuelako orduan. Datorren urtean adi egon beharreko gaia da; bereziki, gasaren prezioari, urtean 80.000 euro ordaintzetik (2019an) datorren urtean –abuztuko prezioa izanez gero– 400.000 euro ordaintzera pasatuko ginatekeelako. Horregatik egon beharko dugu adi erabaki bat hartzeko. Zein erabaki? Prezioaren arabera. Igerilekuek gastatzen dute gehien; ura berotzen, hain zuzen ere. Eta baditugu erabaki batzuk pentsatuta.
Energia trantsizioari dagokionez, Ekiola kooperatibaren aldeko apustua egin duzue.
Bai; bulegoa zabalik dago izena emateko zein informazioa eskatzeko. Teilatuetan eguzki plakak jartzeko lekua guztiok ez dugu eta Ekiolak aukera bat eskaintzen du argindarra sortzeko. Edonork du parte hartzeko aukera, eta animatzeko esango nuke. Informazioa eskatu eta txosten bat egiten dute gastuen konparaketa eginez.
"ENERGIAREN
GASTUAK IZUGARRI
HAZI DIRA
KIROLDEGIAN, ETA
ARDURATUTA GAUDE"
Oposizioarekin zelan moldatu zarete?
Hasieran apustu bat egin genuen, nahiz eta jakin zaila izango zela, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) ardura emanda. Gobernuan egotearen abantailak aprobetxatu eta hurrengo hauteskundeetarako kanpaina etengabe bat jasaten ari ginen. Horrek ikaragarrizko desgastea dakar; oposizioan egonda guk lasaiago egin dugu lan. Eta oposizioa proposamenak egiten dabil komunikabideetan baina horiek hurrengo urteko kanpainarako dira. Nik neuk ere beste mila proposamen sar ditzaket aurrekontuan baina ez dira egingarriak; dirua dagoena da.
HAPOren lanketa zelan doa?
Uste genuen aurrerapenarekin bukatuko genuela, baina larri ibiliko da agintaldiarekin batera amaitzeko. Poliki-poliki badoa, horrek ere bere epeak dauzkalako. Aurrerapena egindakoan eta erredaktatzeko unean berriro eskatuko da herritarren parte-hartzea. Jendea zelan motibatu izango da erronka. Arau horiek eragina izan dezakete edozein herritarrengan.
Agintaldiko azken aurrekontuak gertatzen zabiltzate; lehentasuna non ezarriko duzue?
Xehetasun tekniko batzuk bakarrik geratzen dira lotzeko. Datorren urtean komentuko lanen azken ordainketa egingo da, 800.000 bat euro, eta inbertsioen partidan joango da hori; hortaz, askoz gehiagotan sartzeko aukerarik ez du uzten horrek. Abian jar daitezkeen proiektuekin egingo dugu aurrera, eta gero, gerakina hurrengo gobernuaren esku utziko dugu.
Proiektu horietakoren bat aurreratzerik?
Txarapeako igogailua eta zubia; eta laster, Txarapeako lurrei eusteko sistemaren proiektua jarriko da martxan. Kiroldegi aurreko berdegunearen proiektua ere bai, hori enkargatuta dago eta erakusteko moduan izango da.
Arantzatxoren bat baduzu?
Arantza ugari. Lausittako Hornidura eta Saneamendurako Plan Berezia, adibidez; proiektua, behintzat, egin gura nuen, baina gero ezin bada aurrera eroan eta kaxoian beste hamabost urte pasatzeko ez du merezi egitea. Eta pilotalekuaren eraberritzea ere bai; edukiera gehitu eta aldagelak egitea zen asmoa, baina ezin.
Eta egindako zerbaitek poztu zaitu bereziki?
Bai, bideratuta utzi nahiko nukeen proiektu batek. Baina, oraingoz, ez dut ezer aurreratu gura. Santa Kurtz kaleko lanarekin ere gustura geratu naiz.
Hurrengo udal hauteskundeetan ez zarela alkategai izango entzun dizugu. Horri berresten duzu?
Bai, zortzi urte nahikoa izan dira. Goitik behera aldatu beharko litzateke egoera nik jarraitzeko. Nire asmoa da Ulmara itzultzea.