Aitor Bengoa Poli Karpo, Pablo Sanz eta Xabi Iribekanpos dira Akulu taldea osatzen dutenak. 1986an sortu zen taldea, eta, ordutik 1992. urtera arte kontzertu ugari eman ondoren, Poli Madrilera joan zen bizitzera, eta geldialdi mugagabea egitea erabaki zuten. Hala ere, 2016an, Mikel Unanue lagunaren omenaldia egiteko elkartu ziren, eta berriro hasi ziren entseatzen. Orain, lan berria estreinatuta, gogoz daude berriz oholtzara igotzeko.
Lan berria kalean da
Pandemian, lokalean sartu eta kanta berriak konposatzeko tartea hartu zuten, eta disko berriko lan guztiak garai horretan egin dituzte. "Oi! kanturen bat, punk melodikoa, punk bizkorra… Askotariko estiloak uztartzen ditu diskoak. Sei abesti pandemian egin genituen, bi pandemia aurretik, eta, gero, Represión kantuarekin bideoklipa egin genuen, Altsasuko gazteei omenaldi gisa. Bideoklip hori Aretxabaletako kuartelean grabatu genuen, eta berriz grabatu dugu, kalitate hobearekin. Azken horri erreparatuz, bideoklipa sareetan jarri genuenean, iruzkin ugari idatzi zizkiguten, eta horietako batek honako hau esaten zuen: Nik talde honen maketa bat dut, 1991koa; sekulako speed punka egiten dute. Hala, grazia egin zigun, eta marketin gisa erabili dugu…", dio Aitor Bengoak.
Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten, Oñatin, Eibarren, Legazpin, Altsasun, Aramaion eta Madrilen jarri dituzte diskoak salgai, eta, salmenta ona izaten ari denez, ez dute baztertzen disko gehiago ateratzea. "Salmentak egitea ez da gure asmoa, baina harrera ona izaten ari da".
Ibilbide luze eta oparoa
Oroitzapen on baina lausoak dituzte Akuluko musikariek 80ko hamarkadan emandako kontzertuei dagokienez, baina talde handiekin eta leku askotan jo dituzte kontzertuak: "Bada kartel bat, esaterako, 1987koa, Arrasateko gaztetxean jo genuen kontzertu batekoa, Subterranean Kid's taldearekin batera. Horrez gain, Extremoduro, La Polla, Quemando Ruedas… taldeekin jo izan dugu. Azkenengo emanaldia, berriz, Neallta Fola taldearekin izan zen, Aretxabaletako Kixkor tabernan, diskoa argitaratu baino lehen. Orain, zuzenekoekin hastea da asmoa, eta, batez ere, disfrutatzea".