Leintz Udal Euskaltegiak hara eta hona zabaltzen du euskaraz ikasteko eskaintza, urtero, ikasturte hasieran: etxeetara, lantegietara, ikasleen artera... Eta 2019ko irailean, eskaintza horri heldu eta herriko hainbat erretiratuk eskolara itzultzea erabaki zuten.
"Sasoi hartan euskaraz ikasten zegoen ikasle bat Basotxo erretiratuen taldeko zuzendaritza batzordean sartu zen. Ohiko talde horretako erritmoa biziegia zela iritzita, beharbada, erretiratuen talde bat sortzea proposatu zuen; baita beste erretiratu batzuk animatu ere izena ematera", azaldu du Gurutze Larrinagak, euskaltegiko irakasleak.

Siestara beharrean, eskolara
Orain dela hiru urte sortu zen talde hori pandemiak bete-betean harrapatu zuen, eta eskolak bertan behera utzi beharrean izan ziren 2020ko martxoan. Urtebete geroago, etxetik online jarraitzeko saiakera egin zuten, baina ez ziren ondo moldatu, eta etetea erabaki zuten. Aurten berrekin diete eskolei eta hamabi laguneko taldea osatu dute. Astelehen eta eguaztenetan elkartzen dira; siesta egiteko tarterik hartu barik, fin-fin joaten dira bazkalostean bi orduz euskaltegira. "Gogotsu daude eta polito dihardute lanean", dio Maite Urangak, haien eskolen ardura duen irakasleak. Gehienak aretxabaletarrak dira, baina badago eskoriatzar bat, eta Gatzagatik datorren beste bat ere bai.
B mailan daude eta euskarara hurbiltzea da helburua. "Horretarako, ezagutza orokorrak lantzen ditugu, hiztegia... Murgiltze prozesuan gaude, hasierako fasean", azaldu du Urangak, eta gaineratu: "Ulermena eta eguneroko jardunean euskara erabiltzeko gaitasuna eskuratzea da haien erronka; erosketak egiteko, adibidez. Askok ilobak dituzte eta haiekin euskaraz jardun gurako lukete".
Merienda "asko"
Ikasleak "pozik" agertu dira irailetik hona egindako lanarekin; horien artean daude Arantxa eta Rafa senar-emazteak: "Aurten hasi gara gu, eta, erretiratuta egonda, denbora dugulako gatoz. Asko gabiltza ikasten, baina poliki-poliki. Gure helburua da kalean eta lagunartean euskaraz hitz egitea". Petri ere gustura dago oraindik ondo ez moldatu arren eta dio idatzizkoari baino gehiago hitz egiteari ematen zaiola garrantzia taldean; horregatik, gehiago dabiltzala ikasten: "Baina hitz egiterakoan urduri jartzen naiz, eta ezin asmatu!".
Taldekideen artean erretiratua ez den bakarra dago: Perutik etorritako Marianela. Dagoeneko bi urte daramatza euskaltegian: "Orain dela lau bat urte etorri nintzen Aretxabaletara, eta zerbait ulertzen dut".
Ikastea garrantzitsua izanik ere taldean sortu den giroari eman diote balioa guztiek: "Herrikideak izanik elkar ezagutzen dugu, eta giro polita sortu da. Gainera, oso irakasle jatorra dugu!". Larrinagak berretsi egin du hori: "Sarri dute urtebetetze bat edo ospakizun bat... Eta beti dago merienda gela horretan!".
Euskaraldia berbetagai
Abiatu berri den Euskaraldia berbetarako gai izango dute egunotan: "Belarriprest txapak ekarri eta Euskaraldiarekin bat egitera animatuko ditugu". Taldekide gehienendako lehenengo aldia izango da.