Ion Albizu: "Udala enpresa zaharkitua da funtzionamenduari dagokionez"

Mirari Altube Arrese 2022ko aza. 16a, 10:00

Ion Albizu, Gernika plazan egiten den azokan.

Zortzi urte beteko ditu zinegotzi jardunean, eta ez direla oposizio arrunta izan dio; udalaren kudeaketan jauzi bat eman ez izana igarri du faltan.

Zelako agintaldia izan da?

Berezia. COVIDak baldintzatu du eta kudeaketari kritika egitea demagogikoa izango litzateke, guztiok egin dugulako ahal izan duguna. Era berean, garai ona izan da barrura begiratzeko, baita Udalean ere, eta, gure ustez, hori ez da aprobetxatu hainbat kontu konpontzeko.

Gobernu Batzordean egon zarete eta Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra lantzen hasteko ardura hartu zenuten, baina gero, bertan behera geratu zen guztia.

Nik esan izan dut gu ez garela oposizio arrunta. Orain dela zortzi, urte hautu bat egin genuen: gure denbora inbertituko genuela proposamen serioak eta landuak aurkezteko, eta ez makilak erruberetan sartzeko. Ni ez nago hor horretarako, ez da nire profila. Eta hautu horretatik etorri dira gure erabakiak: HAPOren ardura hartzea eta Gobernu Batzordean parte hartzea. Bide hori, baina, aldebakarrez bukatu zen; apurtu egin zuten. Gure lanerako prestutasuna osoa zenez, mezularia hiltzen saiatu ziren, mezuaren kontra borrokatzeko argumenturik ez zutelako. Eta hori ez zen gertatu edozein unetan: Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak EH Bilduk Aretxabaletan irabazi ondoren. Gure susmoa da ez ote zuten inkestaren bat eta horrek urduritu. Horren ondoren etorri zelako erabakia.

"Proposamen serio eta landuak aurkezteko hautua egin genuen orain dela zortzi urte"

Horrek baldintzatu du Udal Gobernuaren eta oposizioaren arteko harremana?

Lan-kontuetan harremanak onak dira; elkarri proposatzen dizkiogu ideiak eta biok serioski hausnartzen ditugu besteenak; guk, behintzat, bai. Baina egia da foro askotatik kanpo mantendu gaituztela, eta ez bakarrik orain, HAPOren ardura genuenean ere bai; adibide bat jartzearren, Kurtzebarri institutuaren aferan espresuki eztabaida horretatik kanpo mantendu gintuzten.

Klima larrialdiarekin oso kezkatuta agertu zarete. Ezer egin da?

Denborak arrazoia eman digula uste dut. Klima larrialdian eta energia trantsizioan indarrak jarri ditugu, bi arrazoirengatik: batetik, guretako erdigunean dagoen gaia delako; eta, bestetik, Udal Gobernua ikusi dugulako kokatuta ia negazionismoan une batzuetan. Eta guk palanka egi-
teko ardura sentitu dugu. Baina
ez da ezer egin zortzi urtean; egin den bakarra izan da argiteria LEDera pasatzea, eta hori, inbertsiorik egin beharrik ez delako egon. Eta bat-batean, orain, urduritu egin da Udal Gobernua, energiaren kostuak, besteak beste, kinka larrian jarri duelako kiroldegia. Eta guk diogu edozein erabaki hartu behar badute hori izan dadila jendearekin, alternatibak erakutsiz eta aukerak proposatuz.

"Klima larrialdia eta energia trantsizioa erdigunean daude guretako"


Kultura eta kirol arloetan ere egin dituzue proposamenak.

Saiatu gara ahal den eta ekarpen mamitsuenak egiten. Bi sail oso ezberdinak dira, eta, egiari zor, uste dut Kirol batzordean lan polita egin dela, eta lankidetza ona sortu. Gure ekarpen asko jarri dira martxan; kiroldegi aurreko zelaiarena eta kiroldegiko pleguak, adibidez. Eta hori izan da elkarri entzun diogulako. Kulturan, ostera, goitik behera aldatuko genituzke hainbat kontu eta egiteko modu, batzordetik hasita.

Udal Gobernuaren kudeaketa nola baloratzen duzu?

Herria gobernatzeko udal kudeaketa ona egin behar da, eta, gaur egun, Udala enpresa zaharkitua da funtzionamenduari dagokionez. Nik espero nuen jauzi bat emango zela hor, eta konfiantza nuen. Baina une honetan oso konplexua da egoera, ia gobernaezina; eta hiru adibide ditugu, udazken honetakoak: zinema urrian hasteko martxan uztailaren 27an abiarazi zen lizitazio prozesua; Hirigintza batzordean urtarrilean sartutako eskaera bati azaroan eman zaio irteera; igerilekua ixteko puntuan egon da, kloroa eskatzeko prozedura ez delako martxan jarri. Herritar asko datozkigu esanaz eskaera askori ez diela erantzuten Udalak.

Agintaldiko azken aurrekontuak gertatzen hasteko ordua da; lehentasuna zerk izan beharko luke?

Ziklo baten bukaerako aurrekontuak izango dira, eta hauteskundeak datozenean aurrekontu bereziak izaten dira, erdia baino gutxiago kudeatuko duelako Gobernu honek, seguru asko. Eta, hain zuzen ere, horregatik, nahiko itxiak aurkeztuko dizkigutela uste dugu. Gainera, aurreko urteetako hainbat konpromiso bete gabe daude: kuartelekoak, Kurtzebarrikoak, Basabeazpikoak... Eta zaila izango da konpromiso berriak hartzea. Bestetik, planifikazioari garrantzia eman diogu beti guk, eta ez dugu halakorik ikusi. Gu lanean gabiltza gai ezberdinetan eta saiatuko gara txertatzen aurrekontuetan. Dena den, uste dugu herritarrei ahal den eta segurtasun handiena emateko unea dela, eta aurrekontuak adosten ahaleginduko gara, nahiz eta gure esku bakarrik ez egon.

Datorren udal hauteskundeei begira jarrita, zein asmo duzu?

Ezagutzen nautenek badakite niri ideiak eta energia ez zaizkidala samur bukatzen. Nik jarraituko dut Aretxabaletaren alde lanean, baina non izango den hori? Ikusi egin behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak