Janariarekin harremana aldatzen denean: Elikadura nahasteak izenburuko hitzaldia egingo du datorren eguenean, azaroak 10, Acabe Gipuzkoa Elkarteko psikologo Yolanda Iglesias Martinek. Ekitaldia Arkupen izango da, 18:00etan, gaztelaniaz.
Entzunak dira gizartean elikadura-jokabidearen nahasmendu ezagunenei buruzko iritziak, izan anorexia nerbiosoa, bulimia nerbiosoa edo tripakadek eragindako nahasmendua. Baina ba al dakigu benetan zer diren? Zein dira arrisku faktoreak? Zein da tratamendua edo zer inplikazio ditu? Gai horiei eta beste askori buruz hitz egingo du Iglesias Martinek Gipuzkoako Acabe Elkarteak eta Udal Prebentzio Sailak antolatutako hitzaldian.
Elikadura nahasmendua
Elikadura nahasmendua osasun mentaleko arazo bat da, non pertsonak osasungarriak ez diren elikadura-jokabideak erabiltzen dituen, hala nola gehiegi edo gutxiegi jatea, sentimenduei eta beste egoera batzuei aurre egiteko.
Elikadura jokabidearen nahasteak (EJN) gaixotasun larriak dira, baina laguntza egokiarekin ehuneko oso altuan gainditzen dira. Horretarako, detekzio goiztiarra eta diziplina askotariko tratamendu psikoterapeutiko espezializatua behar dira. Nahasmendu mota horren berezitasunetako bat gaixotasunaren kontzientziarik eza da, eta, ondorioz, sendatzeko motibaziorik eza. Horregatik, tratamendua luzea eta konplexua da, eta sendatze-prozesuan familiak berebiziko garrantzia du.