Astelehenean joan zen materialez betetako edukiontzia Aretxabaletatik Bilboko portura, eta laster abiatuko da hori, itsasontzian, Senegalera. Yaakar elkarteko kideak oso pozik agertu dira, dohaintzan jasotakoa "izugarria" izan delako.
Horien artean daude Debagoieneko Ospitaleak emandako 26 ohe eta babeserako materiala –eskularruak eta batak–; Laboral Kutxaren informatikako ekipamendua; Aretxabaleta Lanbide Eskolan jasotako 60 mahai eta 45 aulki; Arizmendi ikastolako 60 mahai, 80 aulki eta 10 arbel; Kurtzebarri eskolako bederatzi mahai, hamaika aulki eta eskolarako materiala; eta Arrasate Herri Eskolan emandako mahai-jolasak eta hiru mahai. Senegalgo Fatick eskualdean dagoen Mbam herriko osasun etxera eta eskolara bideratuko dute guztia.
Amatasun kontsulta eraiki dute han, eta erditze osteko gela bat egokitzea da orain erronka; baita eskolan beste bi gela egitea ere. Bide onetik doala proiektua adierazi du elkarteko presidente den Amalia Ormaetxeak: "Hainbat dirulaguntzaren zain gaude. Eta euriteen garaia pasatzen denean, azaroan, abian izango da guztia".
Herritarren laguntza beharra
Bigarrenez bidaliko dute materialez betetako edukiontzi bat. Bidalketaren kostua, baina, handia da, eta herritarrei laguntza eskatu diete. Horretarako bideak, hemen: bizum-a (05509) edo Eman atalean Yaakar idatzita edo transferentzia bidez: ES60 3035 0002 16 0020077455.
Horrez gain, lokal baten beharra ere atzeman dute: "Materiala handik eta hemendik jasotzen joango gara; hala adierazi digute hainbatek, eta guk pozik hartuko dugu. Baina hori gordetzeko lokal bat gurako genuke. Inor gertu balego uzteko, izugarri eskertuko genuke".
Ikastetxeekin elkarlanean
Dohaintzan jasotakoaren zati handi bat ikastetxeetara bideratu duten sentsibilizazio kanpainari esker izan da. Aretxabaleta Lanbide Eskolako kideek, esaterako, bere egin dute proiektua. Osasun arloko bi ziklo dituzte, eta ikasle horiek inplikatu dira ekimenean. "Herritarrei tentsioa hartu diete, borondatearen truke, eta patata-tortillak saldu dituzte", azaldu du Naiara Olabarria irakasleak. Elkarlanari ateak zabalik utzi dizkiote, gainera: "Horri zein forma eman aztertzen dihardugu, oso aberasgarria delako guretzat". Beste ikastetxe batzuek ere agertu dutela interesa aurrera begira lanean jarduteko gaineratu du Ormaetxeak.