Unai Elkoro alkateak igoeraren zergatia azaldu zuen: "Iaz lau puntu galdu genituen eta aurten ere ia %10era igo da KPIa. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da guk ere igoerak aplikatzea".
EH Bilduko Ion Albizu gustura agertu zen: "Eskatu dugu 32.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiek hobariak izatea tasetan zein zergetan, baita familia ugariek ere. Helburua da gutxien duten familiei laguntzea, batetik, eta, bestetik, guztiek erabili ahal izatea udal zerbitzuak; kiroldegia, esaterako". Azken horri dagokionez, 23 urtetik azpikoen tasa %25 jaistea onartu zuten.
Zerga batzuek igoerarik ez
Honako hauek izango dute %4ko igoera: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak; obrak egiteko baimenak; uraren tasak; jabari publikoa erabiltzearen tasak; animalien gaineko tasak; eta kiroldegiko tasak –gazteen eta ikasleenak, %25eko jaitsiera–.
Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBI), ostera, %3,8 igoko dute, eta zaborrarena, %3. "Igoera horrekin, Udalak Debagoieneko Mankomunitateari zerbitzu horrengatik ordaintzen dion kostuaren %100 estaltzen da", azaldu zuen alkateak.
Igoerarik izango ez dutenen artean daude hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga; eta Udalaren hainbat zerbitzuren prezioak: udalekuak, gaztelekua, ludoteka eta ikastaroak, besteak beste.
Energiaren prezioa, kezkagarria
Elkoro kezkatuta agertu zen energiaren prezioaren igoerarekin: "Astindu handia eman digu gasak; bereziki, azken bi hilabeteetan". Eta beste neurriren bat hartu beharrean izango direla ere aurreratu zuen: "Gastua izugarri hazi zaigu, eta zerbait pentsatu beharrean gaude".