Txistularien Eguna zapatuan, gonbidatu bereziekin

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 20a, 17:34

2019an Arrasaten ospatu zuten Txistularien Egunean, Portaloian gora kalejiran.

Zapatuan, Demetrio Iriarteren omenez, bi orduko alarde ibiltaria egingo dute Eskoriatzako, Aretxabaletkoa eta Arrasateko txistulariek, eta jaira batuko dira Iriarteren lanak digitalizatu, berreskuratu eta partiturak egoki jarri dituzten txistulariak.

Aretxabaletan ospatuko dute aurten Txistularien Eguna, eta 09:00etan entseatzen hasiko dute egunera batuko diren txistulariek. Hamarretakoa egin, eta, 11:30ean hasiko dute alarde ibiltaria. Bi orduz, Demetrio Iriarteren 24 pieza joko dituzte, eta, saioa amaitzean, Taberna Barrin bazkalduko dute, hala, egunari amaiera emanda.

Digitalizazio lanari eskertza

2011n, Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko txistulariak batu ziren, urtero egun berezi bat antolatzeko asmoz, eta jaieguna herriz herri txandakatzeko asmoz. Hori horrela, Txistularien Eguna 2019an egin zen azkenengoz, Arrasaten, eta, bi urtean ez dutenez ospatu, zapatu honetarako gogoz daudela adierazi du Jokin Antxiak, Aretxabaletako txistulariak: "Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko txistulariak elkartzen gara, normalean, urtero, baina 2018ko edizioan, esaterako, Gasteizko txistulariak gonbidatu genituen, eta Oñatikoren bat ere beti izaten da gure artean. Hala ere, aurten, berezitasun moduan, Zarautz, Getaria, Pasaia, Andoain, Hernani… ingurukoak diren zortzi txistulari inguru izango ditugu, baita Iruñetik etorriko diren pare bat lagun eta Altsasutik etorritako hiru gazte. Horiek gonbidatzearen arrazoia honako hau da: kontua da 2015ean, Demetrio Iriarte jaio zen 100. urteurrena ospatu genuela, eta bertako txistulariok Demetrio Iriarteren lana bistaratzea jarri genuen helburu. 140 lan agertu ziren, baina hala moduz zeuden partiturak: fotokopien fotokopiak ziren, batzuei zatiak falta zitzaizkien… eta partiturak ez ziren ondo irakurtzen. Ondoren, zapatuan, Gipuzkoako zenbait herritatik Txistularien Egunera etorriko diren txistulari horiek gogoz hartu zuten Demetrio Iriarteren lanak digitalizatzea. Dena digitalizatuta dugu, partiturak eginda, hainbat grabazio eginda… Partiturak modu egokian jarri dituzte, eta lan horri itxura ederra eman diogu. Beraz, aurtengo Txistularien Eguna lan horren ingurukoa izango da".

Pieza dedikatuak

Demetrio Iriartek elkarteei eta lagunei dedikatzen zien partiturak, eta, hori oinarri, modu berean antolatu dute alarde ibiltaria. Hau da, jotzen duten pieza bakoitza norbaiti eskainia izango da. "Tomas Otxoa eta Ramon Eraña bizi ziren tokian joko ditugu piezak, baita Uratz-Alde eta Muru-alde elkarte aurreetan… Alardearen ibilbideak ere zentzu bat dauka".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak