Egonaldi solidarioa egin dute lau gaztek Kenyan

Mirari Altube Arrese 2022ko urr. 8a, 10:20

Gazte aretxabaletarrak eskola egokitzeko hainbat lanetan. (Argazkiak: Olaia Garro)

Irati eta Maider Lezeta ahizpak, Aroa Nuñez eta Olaia Garro aretxabaletarrak hilabetez izan dira Kenyako Diani Beach herrian; eskolaren osagarri izango diren bi gela eraikitzen lagundu diete, eta handik itzuli berri dira, bihotza "bete-beteta".

Erizainak dira Irati eta Maider Lezeta ahizpak eta Olaia Garro eta Haur Hezkuntzako irakaslea da Aroa Nuñez, baina bestelako lanak egin dituzte, hilabetez, Kenyako Ukunda eskualdean, Diani Beach herrian, hain zuzen ere. Eguaztenean iritsi ziren handik bueltan, eta bihotza "bete-beteta" ekarri dute.

Eraikitze-lanak


Cooperating Volunteers enpre
saren bitartez izan dira Afrikan. Hainbat proiektu ditu horrek mundu osoan eta bizitokia eta jatekoa bermatzen diete boluntarioei lanaren truke. "Eskolara bideratu gintuzten, han laguntzeko. Hasieran, eskolak eman genituen, baina beste behar batzuk zituztela konturatu ginen, eta, azkenean, eraikitze-lanetan ibili gara", azaldu dute gazteek. Hala, eskola eraberritzen jardun dute azken hilabetean: "Sei gela zituen horrek. Horietako hiru egoera onean zeuden, baina beste hirurak oso egoera kaskarrean; izan ere, hormak eta teilatua txapazkoak ziren". Zuzendariak azaldu zien esku artean bazuela bi gela berri egiteko proiektua: "Horretarako, baina, dirua behar zuten, eta diru-bilketa abiarazi genuen. Jasotakoarekin bi gela berri egitea lortu dugu". Horretarako, materiala erosi dute, langileekin hartu-emanetan izan dira eta eraikitzen ere jardun dute.

Eskolaren osagarri izango diren bi gelak bukatzear itzuli dira; leihoak eta ateak geratu dira jarri gabe. "Han hiru lagun daude oraindik. Eta dirua lortuz gero, aurrera egingo dute horiekin". Horrez gain, aulki eta mahai berriak ere behar dituzte eskola hornitzeko. Inork lagundu nahi izanez gero, pozik hartuko dituzte ekarpenak –bizumak: 690 04 71 74–.

Pobrezia handia

"Pobrezia handia" dago Ukundu eskualdean: "Gu egon garen eskolan behar handiak dituzte eta bertako ikasleak oso pobreak dira. Etxe oso txikietan bizi dira, gehienek ez dute argindarrik...". Ikasleek, 2 eta 12 urte arteko neska-mutikoek, hirugarren hiruhilekoari ekin diote oraintsu, eta hainbat ez direla eskolara itzuli konturatu dira: "Ordaindu ezina dela arrazoia esan ziguten".

Osasun arloan ere badituztela beharrak adierazi dute, baina ez dute izan erizain lanetan jarduteko aukerarik: "Lan egiteko modua oso ezberdina da,
eta material behar handia dago.
Horregatik, pentsatu genuen arlo horretan laguntza gutxi eman geniezaiekeela, eta gure indarrak eskolan jarri genituen".

Aberasgarria eta betea

Esperientzia "benetan aberasgarria" izan da lau gazteendako: "Beste era batera bizi dira. Gauza material askorik ez dute, baina poztasuna bai. Oso jatorrak dira eta gurekin ere oso ondo jokatu dute". Horregatik, bizitakoarekin gustura itzuli dira: "Beste pentsaera batekin gatoz, eta oso pozik. Bihotza bete-bete eginda dakargu".

Maider Lezeta, Olaia Garro eta Aroa Nuñez aretxabaletarrak Kenyako lagun batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak