Dantzarako aukera ugari, adinari erreparatu gabe

Mirari Altube Arrese 2022ko ira. 27a, 14:34

Musikari jarraituta gorputza astintzeak dituen onurei balioa eman eta horretara gonbidatu dituzte herritarrak Basotxoko erretiratuek, Jaiki taldekoek eta musika eskolako kideek; irailarekin batera, guztiek eman diote hasiera ikasturteari.

Dantzaren bueltan lanean diharduten hainbat talde daude herrian eta herritarrak ere horretara animatu gura dituzte.

Basotxoko kideek euskal dantza saioekin hasi dute ikasturtea, komentuan; eguaztenetan (17:00-18:00) elkartzen dira hogei bat lagun. Areto dantza ikastaroari, ostera, urriaren 4an ekingo diote (17:00-18:00), eta aurten ere Marian Barragan irakaslearen esanetara jardungo dute lanean. Bi taldeetan lekua daukate eta erretiratuak animatu gura dituzte dantzan egitera. Interesa izanez gero Mari Karmen Gutierrez arduradunari –653 72 23 59– jakinarazi behar zaio.

Bat-bateko sorkuntza

Jaiki elkarteko kideak ere urrian hasiko dira lanean, kuartelean. Bat-bateko konposizio dantza ikastaroetan elkartuko dira martitzenetan (18:30-20:30). Zuriñe Benavente dute irakasle, eta taldea dagoeneko osatuta egon arren ateak zabalik dituzte edonorendako; saioetan parte hartzeko mezu bat bidali: jaikielkartea@gmail.com

Leizarra musika eskolan, ostera, zortzi talde sortu dira aurten; horietatik bi, 18 urtetik gorakoek osatutakoak. Izena emateko epea bukatuta egon arren, taldean lekua egonez gero onartzen dituzte oraindik. Musika eskolara jo behar da horretarako –943 08 10 01–.

Zergatik dantzan egin?

Mari Karmen Gutierrez –Basotxoko kidea–:

"Dantzak, batetik, herritarron artean harremanak estutzeko aukera ematen digu; eta bestetik, egokia da memoria eta gorputzaren trebetasunak lantzeko, erritmoa... Giro polita izaten dugu taldeetan eta herritarrak animatu gura ditugu parte hartzera, komentuko kaperan leku asko dago eta."

Mikel Arce –Leizarra Musika Eskolako dantza irakaslea–:

"Gurasoen taldea-n elkartzen direnak benetan gustura datoz; pentsa, hamar bat urte badaramatzat haiekin. Euskal dantzak ikastea da helburua, baina oso alaiak dira eta lan-giro polita daukagu. Herriko ekitaldietan ere hartzen dute parte eta horrek ikasteko grina sustatzen du".

Maier Etxebarria –Jaiki elkarteko kidea–:

"Bat-bateko konposizioak proposatzen duena da inprobisaziotik abiatuta zerbait sortzea. Helduentzako jolas momentu bat da, benetan dibertigarria; gorputzarekin konektatzen da, norberarekin bat egin, eta taldekideekin ere konektatu; une horretan ezin da ezer ezkutatu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak