Done Larrea: "Orokorrean, ez ditugu oinak batere zaintzen"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 1a, 10:36

Done Larrea, Oinez Podologia Klinikako kontsultan. (Argazkia: I.A.A.)

Done Larrearen ustez, aberasgarria da pazienteekin egotea; halaber, denbora librea kirola egiteko eta dantza entseguetara joateko aprobetxatzen du, besteak beste.

Bartzelonan Podologia ikasketak amaitu zituenean, Tolosan aritu zen lanean lagun batekin. 2005ean, Aretxabaletan zentro propioa zabaltzea erabaki zuen. Klinikako pazienteez gain, erresidentzietako erabiltzaileak ere artatzen ditu.

Nolatan podologo?

Biologia ikasten hasi nintzen, baina nirea ez zela ikusi nuen. Bartzelonan nire ahizparen lagun batzuk zeuden podologia ikasten, eta zer zen ikustera joan nintzen. Eskerrak graduz aldatu nintzen.

Ze zerbitzu eskaintzen dituzu?

Kiropodiak egiten ditugu; hau da, gogortasunak, azazkaletako eta azaleko arazoak... Silikona eta antzeko gauza asko egiten ditugu. Bestalde, esplorazioak, azterketa biomekanikoak eta barne-zolak ere egiten ditugu. Kontsultatik kanpo, Eskoriatzako erresidentziara joaten naiz, baita Leintz Gatzagako erretiratuengana ere. Hona, esaterako, herriko jubilatuak etortzen dira.

Ze eratako pazienteak dituzu?

Nagusiak dira, gehienbat. Gero, haur asko etortzen dira papiloma edo bestelako arazoekin. Barne-zoletan adin guztietako jendea mugitzen da, baina gehiengoa kiropodiak egitera etortzen da, eta horiek adin batetik aurrerakoak dira.

Oinei behar baino garrantzi txikiagoa ematen zaie?

Ez ditugu batere zaintzen. Gaztetan gai gara edozein oinetako janzteko, eta ez gara konturatzen horrek ze eragin duen. Gero, adinarekin oinak deformatzen hasten dira, eta orduan sortzen dira gogortasunak eta bestelako minak. Orduan konturatzen gara ze garrantzi duten. Udan, adibidez, txankletak jantzita ibiltzen gara, hori ona izan daitekeen begiratu gabe.

Lanaren alderik onena?

Pazienteekin egotea oso polita eta aberasgarria da. Azken finean, euren arazoei soluzioa ematen saiatzen naiz. Gainera, askotan ikusten duzu zure lanari esker min barik dabiltzala, eta eskerrak ematen dizkizute.

Aisialdian zer egitea duzu gustuko?

Kirola egitea; besteak beste, korrika egin, mendira joan eta bizikletan ibiltzea. Musika Eskolako dantza taldean ere banago, eta astelehenetan neure ordubetetxoa hartzen dut entseguetara joateko.

Sanmigelak ospatu zenituzten joan den astean.

Asko gustatzen zaizkidan festak dira. Ostiralean kantu-afarira joan ginen. Ez genuen txartelik lortu, baina ogitartekoak erosi genituen eta harmailetan egon ginen. Larunbatean, berriz, herri bazkarian izan nintzen, eta arratsaldean, dantzan parte hartu nuen dantza-taldearekin.

Oinen garbiketa eta hidratazioa

"Jendeak ez ditu oinak garbitzen eta lehortzen. Ez dugu kremarik ematen, eta abandonatuta daude. Ile-lehorgailuarekin lehortu beharko lirateke; horrela, behatz tarte guztiak ondo lehortuko lirateke eta onddoak ekidingo genituzke. Hidratazioa oso garrantzitsua da; batez ere, udara begira. Helduetan ere oinak gehiago lehortzen dira, eta artikulazio arazoak egon daitezke. Galtzerdiak egunero aldatu behar dira, eta oinetakoak aireztatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak