Aretxabaletako osasun etxe berriaren lanak laster hasiko ditu Osakidetzak

Mirari Altube Arrese 2022ko ira. 26a, 16:28

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du 3,5 milioi euro inbertituko dituela osasun etxe berrian. Basotxo erretiratuen egoitzaren eraikina egokituko du "herritarren asistentzia-premia berrietara", eta eraikin berean, udalaren arreta sozialerako gunea ere egongo da zentro soziosanitario integratua sortzeko; hala, Aretxabaletako Udalak ere hartu du parte proiektu horretan. 2023 amaierarako abian izatea gurako lukete.

Aretxabaletako osasun etxean, gaur egun, 7.118 pertsonek jasotzen dute arreta, eta Osakidetzatik adierazi dute eraikin berriarekin herritarrek zein profesionalek erabiltzen dituzten espazioak modernizatzea eta humanizatzea dela helburua.

Familiako eta Komunitateko Medikuntzako profesionalek bost kontsulta izango dituzte eta Lehen Mailako Arretako Erizaintzakoek beste bost. Horiez gain, proba funtzionalak egiteko bi gela egongo dira eta Pediatriako eta Erizaintza Pediatrikorako kontsultak ere bai.

Ginekologoaren eta emaginaren bi kontsulta ere izango dira; eta erditze unerako eta ama eta umearen prestakuntzarako espazio bat eta edoskitze-gela bat ere bai. Horrekin batera, bilera-gelak, komunak eta biltegietarako ohiko eremuak ere izango ditu eraikinak.

Azken solairuan Udaleko Gizarte Zerbitzuek izango dute tokia; sei bulego eta bilera-gela egongo dira han.

Proiektu berritzailea

Osakidetzak abian jarri duen Eskariaren Kudeaketa izeneko proiektuaren baitan –konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatuta arreta pertsonalizatuaren aldeko ekimena– harrera-gune bat egingo da arreta pertsonalizatua emateko; hiru mahairekin osatutako gunea izango da eta arreta berezirako bulego bat ere egongo da.

Hainbat kolektibok –adinekoenek zein gazteenek– "zerbitzu sanitarioaren zein sozialaren beharra" izan ohi dutela jakinik zentro soziosanitario integratuaren alde egin du Osakidetzak: "Ikuspegi soziosanitarioaren beharra are handiagoa da biztanleria pixkanaka zahartzen doala aintzat hartuta".

Antolaketa eredu berri horrek "tresna egokiak" eman gura dizkie profesionalei beharrak dituzten pertsonen identifikazioa hobetzeko; zerbitzuak jasotzeko tramite-kontuak ere erraztu egingo dizkie.

Hain zuzen ere Aretxabaleta izango da EAEko lehen herria non proiektu berritzaile hori abian jarriko den Osakidetzaren esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak