Herri kirol erakustaldia egingo dute domekan Aretxabaletako plazan, 13:00etan, eta duatloiarekin hasiko dute proba, Jesus Mari Mujikaren eta Aratz Mugerzaren arteko zeingehiagoka: "Aspaldian halako erakustaldietan duatloiak modan jarri dira. Ikusleek kirol ezberdinak ikusten dituzte, eta, egia esan, zaleendako entretenigarria izaten da", adierazi du eguneko protagonistetako bat izango den Mugerzak: "Ni, normalean, pentatloietan ibiltzen naiz, baina domekan duatloia egingo dugu. Hala, lehenengo zeregina izango da etzanda egongo diren sei enbor moztea –jai egitarauko programarekin alderatuta, aldaketa txiki batzuk egingo dituzte–".
Eta ondoren, plazari korrika egingo dizkiote 15 itzuli inguru: "Plazaren tamainaren arabera 15 edo 20 itzuli egingo ditugu, halako saioetan kilometro eta erdi inguru egiten dugu lasterka. Hori ez da proba luzea izaten, baina komeni da indarrak neurtzea, garrantzitsua da-eta azken lanetarako fresko iristea". Izan ere, azken lan hori izango da zutik egongo diren bi enbor moztea: "Lan teknikoa da, eta nekeak zeresan handia izaten du, nekatuta zaudenean teknika galdu egiten da eta. Normalean, korrikako tartean ez da alde handirik egoten; horrenbestez, azken tarte horretan erabakiko da nor den irabazlea".
Eguraldiaren eragina
Mugerzak nabarmendu du eurek egin beharreko lanetarako eguraldiak ez duela askorik eragingo –ikusleengan, gehiago–, baina ondoren egongo diren probetan eguraldiak dezente baldintzatuko du erakustaldia: "Karmele Gisasola eta Amalur Arbelaiz aizkoran ibiliko dira nor baino nor gehiago, lau egur izango dituzte zain, eta horiek ere ez dute eguraldiarekin arazorik izango. Baina Jon Unanue Goenatxo-k aterpea beharko du harriak jasotzeko, harriak bustitzen badira labainkor egoten dira eta. Hiru harri ekarriko ditu, borobila, errektangeluarra eta kubikoa. Eta, gainera, lasto altxatzea egiteko, Jose Martin Bustinza Tubi-ri ere ezin zaio soka busti".