Sanmigeletako programazioan izango diren ekintza guztien artean, jaiei amaiera emateko kontzertuaz Aretxabaleta Abesbatza arduratuko da. Beste urte batez, ez dute hutsik egingo, eta, herritarren aurrean aspaldi ez dutela kantatu esanez, "kontzertu garrantzitsua" izango dela adierazi du Angel Barandiaranek, Aretxabaleta Abesbatzako zuzendariak, eta gogoz daudela gaineratu.
Kolaboratzaileen laguntzarekin
Irailaren 25ean, domekan, abesbatzako kideen kantuekin gozatzeko aukera izango dute aretxabaletarrek, Iturrigorri frontoian. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta haiekin batera beste hainbat lagunek ere hartuko dute parte ikuskizunean. "Ohiko kantuak eskainiko dizkiegu herritarrei sanmigeletako kontzertuan; taldeko hainbat bakarlarik ere abestuko dute, eta indar handiko kantuak izango dira; esaterako, Mariatxen Urkia eta Mari Karmen Etxeandia, Jokin Bengoa, Imanol Aizpurua eta Olatz Urkia izango dira. Haiez gain, Musika Eskolako haurrek ere parte hartuko dute saioan. Kasu horretan, hiru abesti abestuko dituzte, eta, gero, abesbatzarekin batera beste pieza bat eskainiko dute". Horrekin batera, kantua musikaz laguntzen arituko diren musikariez gain, bi dantzarik ere parte hartuko dute ikuskizunean.
Emanaldiaren bigarren zatia izango dela ikuskizuneko une bereziena azpimarratu du Barandiaranek. Izan ere, pandemia garaian hil diren guztiak omentzeko zenbait kanta eskainiko dituzte, omenaldia ondo borobiltzeko.
Omenaldi berezia
"Pandemia garaian hil diren pertsona guztiei zuzenduta eskainiko dugu sanmigeletako emanaldiaren bigarren zatia. Garai horretan hil diren guztiei eta baita abesbatzan hil zaizkigun bost kideei ere zuzenduta izango da. Besteak beste, Aita Gurea, Agur Abestia (Zergatik galdu itxaropen)... piezak abestuko ditugu. Ea ondo irteten den emanaldia eta bertaratzen direnen gustukoa den".