Azoka ekologikoaren udako martxa aurrera doa, eta, EAEko hainbat herri bisitatu ostean, zapatuan, irailak 24, Aretxabaletako azoka ekologikoaren ekimena izango da. Biolur elkarteak antolatutako azoka da, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren eta Aretxabaletako Udalaren laguntzarekin. Mitarte kalean izango du lekua eta 10:00etatik 14:00etara egongo da azoka zabalik.
Topagune honetan, barazkiak, ardi, ahuntz eta behi gazta, eztia, ogia, marmeladak, haziak, olioa eta beste hainbat elikagai aurkitu ahal izango dira, besteak beste. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta Biolurren informazio puntua ere izango dira bertan bisitarientzako. Hamasei parte-hartzaile izango dira azokan; gehienak Gipuzkoako ekoizleak izango dira, baina Bizkaitik, Arabatik eta Nafarroatik etorriko direnak ere izango dira; azokan otarrea osatzeko bertako eta gertuko produktu ekologikoak izango dira eskuragarri.
Aurtengo azoka ekologikoen kanpaina Gipuzkoan, Zarautzen, hasi zen, eta asteburuz asteburu hainbat herritan izan dira, eredu ekologikoak eta azokek duten balioa bistaratzeko asmoz. Urriaren 30ean Villabonan bukatuko da ekimena.
Udako azoka ekologikoetan elikagai ekologikoen salmenta bultzatze aldera, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak 5 euroko bonuak eskuratzeko aukera jarri du webgunean; jarraian dagoen estekan klikatuta bisitatu daiteke: https://ekolurra.eus/udako-azoka-ekologikoak-2022/
Nekazaritza ekologikoak goranzko joerari eusten du
Urtez urte, nekazaritza ekologikoak goranzko joerari eusten dio, eta 2021ean erregistratutako datuek bide ona erakusten dute. Gero eta pertsona gehiagok egiten du eredu ekologikoan ekoizteko urratsa.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, 2021ean laborantza ekologikorako azalera %16 handitu zen 2020arekin alderatuta: 6.789 hektareatik 7.905era pasatu zen. Eta eragile kopurua %8 igo da, 2020an 658 eragile ekologiko izatetik 710 eragile izatera.