Zer jaso duzu La casa de Otalora en el siglo XVI liburuan?
Otalora familia aztertu dut: sendiaren burua, hau da, jauna, eta haren ondorengoak. XVI. mendean oinarritu dut ikerketa, orduan pilatu zituzten ondasunek azaltzen dutelako familiak izan zuen garrantzia. Liburua osatzeko liburuxka bat ere argitaratu dut, mende horretatik aurrera Aozaratzako dorretxean bizi izandakoen berri jasotzeko.
Familia garrantzitsua, orduan?
Hiru familia dira aipatu beharrekoak Aretxabaletan: Galartza, Otalora eta Arratabe. 400 urtean izan ziren herriko nagusiak: lurren jabeak, baserrienak...
Nondik zetorkien otaloratarrei aberastasun eta botere hori guztia?
XVI. mendetik, eta ezkontza bati esker. Otalorako nagusia Galartzako alaba batekin ezkondu zen –Galartza eta Aiala familiakoa, goi mailako familia
izanik Aiala– eta hark zabaldu zion Errege-Erregina Katolikoen gortera sartzeko bidea. Hain zuzen ere, bikote haren seme Juan Errege-Erregina Katolikoen seme nagusienaren zerbitzari izan zen lehenengo, eta gero, Fernando Katolikoarena; haren pixontzia eramatea zen beraren lana. Hala hasi eta gerra gizona izatera iritsi zen. Fernandok, gainera, bere ezpata oparitu zion. Erregearen alboan egonda beti lortzen ziren mesedeak, eta otaloratarren kasuan ere hala izan zen.
Juan Otalorakoa izan zen, orduan, gakoa?
Sekulako dirutza lortu zuen eta dohaintzak ere bai erregearengandik; Gipuzkoako meategi guztien ustiapena eskuratu zuen, esaterako. Arabako emakume aberats batekin ezkondu zen, Maria de Zuazo Gamboa, eta Carlos I. erregeari eskatu zion maiorazkoa sortzeko. Maiorazko barruan sartutako ondasun guztiak kendu ezinak ziren; hau da, ezin ziren ez saldu, ez trukatu, eta erregearen baimenarekin lortzen zituzten nobleek. Hain zuzen ere, jauntxo gisa bizitzeko ahalegin handia egin zuen Juanek, eta horretarako ezinbestekoak ziren maiorazkoa, dorretxea eta kapera bat; Aozaratzako elizan kapera gotikoa eraiki zuen eta han daude lurperatuta hura eta familiakoak.
Sancho anaiaren semea izan zen haren oinordekoa.
Bai, haren seme Juan. Baina Sancho bera ere aipatzeko moduko gizona da, Aretxabaletan inoiz egon den politikari garrantzitsuena: legegizona, lau kontseilutako burua eta erregearen albokoa. Juanek ordainduta Sevillan egin zituen ikasketak. Epaile izan zen, Sevillako entzutegiko buru, eta Utrerako emakume aberats batekin ezkondu zen, sekulako ondasunak zituena: dirua, lurrak, baita esklaboak ere. Horrek aitzakia eman dit euskaldunek zelako parte-hartzea izan zuten esklabotzan sakontzeko.
Kontu horien guztien berri emango duzu bihar?
Laburpen bat egiten saiatuko naiz. Ez da eleberri bat, poliki irakurri beharreko liburua da. Ohar asko ditu, gainera, eta garrantzitsuak dira horiei kasu egitea, garai hartako testuingurua egituratzen laguntzen dutelako. Aozaratza auzoan gertatutako hori Espainian eta Europan XVI. mendean bizi izan zenaren adibide bat da.
Lan handia dago liburu horren atzean...
Bai, lau urteko lana. Egia da orain informazio asko dagoela sarean, eta hori oso garrantzitsua da halako ikerlanetan dihardugunondako. Euskadin, gainera, oso sare garrantzitsua dugu; seguru asko, ez da egongo halakorik Espainia osoan.