Virgin Mari DJ Set proiektuak dantza, feminismoa eta euskara batu ditu oholtzan

Mirari Altube Arrese 2022ko ira. 16a, 19:10

Bost aretxabaletarrek osatutako Virgin Mari DJ Set taldeak lau urte daramatza hango eta hemengo txosnaguneak eta gaztetxeak dantzan jarriz eta aldarrikapenak haizatuz, eta bihar, zapatua, Bergarako San Martin jaiak girotzen izango da.

Virgin Mari DJ Set taldea hara eta hona dabil azken urteotan. Ainhoa Sanchez, Maider Urrutia, Amaiur Egurrola, Laura Igartua eta Maialen Fernandez daude horren atzean, guztiak Pikarraituz neska gazte taldeko kideak, eta oso gustura agertu dira orain arteko ibilbidearekin.

Egun Moretik abiatuta

2018ko Andramaixetan ekin zioten proiektuari: "Egun Morea antolatu genuen urte hartan, emakumeen presentzia oholtza gainean bermatzeko. Egitaraua osatzeko emakume talde baten beharra zegoenez, asanbladan erabaki genuen bertako hainbat neska elkartu eta dantzan egitera igotzea. Guk geuk ere ez genekien zer emango zuen horrek, baina lau bat orduz egon ginen oholtza gainean", adierazi dute. Andramaixak, Andra Mari... Virgin Mari izena hautatu zuten orduan, jaiei keinu eginez "ukitu ezberdina" emanda.

Dantza eta aldarrikapena

DJ Set izena hartu arren DJ lan gutxi egiten dutela onartu dute: "Ordenagailuari Play eman eta dantzan hasten gara; ordu eta
erdi pasatxo irauten duen
show-a egiten dugu". Aldarrikapenek ere badute lekua oholtzan: "Emanaldiaren erdi inguruan performance bat, ekintza desnormalizatzaile bat, egiten dugu. Borrokan egiteko espazioak ere izaten direlako txosnaguneak eta gaztetxeak".

Musika aukeraketak buruhausteak eman izan dizkiela onartu dute: "Saiatzen gara emakume musikarien kantuak sartzen, abesti feministak, euskaraz... Eta, noski, jendea dantzara animatuko duen musika izan behar du. Hori guztia bateratzea ez da samurra, ezta lehentasunak zehaztea ere".

Arrasateko gaztetxeko oholtzan, aurtengo maiatzean.

Eraso matxistak

Behin oholtza gainean gustura sentituta, Debagoieneko agertokietatik harantzago joan dira: "Euskal Herrira zabaldu dugu gure berri eta Basauri, Algorta eta Sopela aldean ere ibili gara." Harrera beroa egin izan diete "gehienetan", baina "eraso sexistak eta matxistak" ere jasan behar izan dituzte: "Sopelan, adibidez, oso une latza bizi izan genuen. Hala ere, ez da kasu isolatua, oraindik hamaika zapalkuntza jasan behar izaten ditugu neska eta gaztea izateagatik; begirada eta esamesa lizunak, esaterako. Horrek, baina, ez gaitu ahuldu, ahaldundu baizik, eta gure show-arekin jarraituko dugu oholtzak emakumez bete arte". Hurrengo emanaldia bihar, zapatua, dute, Bergaran, sanmartinen bueltan, eta gero, urriaren 15ean, Oñatin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak