Ainara Urrutia: "Konturatu barik iritsi naiz hona, eta gozatzen nabil izugarri"

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 16a, 18:15
Ainara Urrutia, zapatuan, Durana kaleko zuzenean helmuga gurutzatzeko puntuan; 2.06.03ko denbora egin zuen.

Lehenengo mendi lasterketa 2019an egin zuen aretxabaletarrak, eta zapatuan Ikazkin trail lasterketako irabazlea izan zen; Azken hilabete hauetan Munduko Kopako hiru proba hamar onenen artean egin ditu euskal selekzioarekin.

Ainara Urrutiak (Aretxabaleta, 1981) lehenengo postuan gurutzatu zuen, zapatuan, Ikazkin Trail lasterketa. Ez da aurten esku hartuko duen hitzordu handiena, baina horrek ez dio garaipenari garrantzirik kentzen: "Aitortuko dizut bezperan urduri nengoela. Ingurukoek esaten dizute lasterketa irabazi behar duzula, eta, nahi gabe, presio hori sumatu egiten da". Aretxabaletakoa herri mailako lasterketak Munduko Kopako probekin tartekatzen dabil, eta hor bai, hor ezuste bat baino gehiago eman du.

Zer-nolako lasterketa da Ikazkin Trail?

Niri asko gustatu zitzaidan proba, eta, gainera, etxekoa izanda beti da berezia. Aurpegi ezagunak ibilbidean, helmuga alabekin gurutzatu ahal izatea... Oso berezia izan zen. Hori bai, lasterketaz gozatzeko ondo entrenatuta joatea komeni da, Kurtzebarrirako igoera gogorra da eta indarrak neurtu behar dira, bestela luzea egiten da eta. 21 kilometro ez da txantxetan hartzekoa, Arrasate-Udalatx bezain gogorra da lasterketa hau. Eta niri, esaterako, azken kilometroetan Urkulutik eta Otala Zelairaino luzea egin zitzaidan. Hor korrika egiteko indarra behar da hanketan, eta zenbat geratzen den jakiteak ere ez du laguntzen... Kar-kar-kar.

Maiatzean Harmailatik saioan izan zineten Ainara Uribarri eta biok. Orduan aipatu zenuen lehenengoz hartu behar zenuela parte Munduko Kopako lasterketa batean, eta orain, buru-belarri ari zara baita nazioartean ere.

Ezustea izan da, egia esan; urte hasieran ez nekien zer zen Munduko Kopa, pentsa... Euskal selekziotik Matheysins-eko lasterketara [Skyrace des Matheysins, Frantziako Alpeak] joateko proposamena egin zidaten eta nazioarteko lasterkariekin lehian espero ez nuen lasterketa egin nuen [laugarren sailkatu zen]. Hori ikusita, Munduko Kopa barruan nire ezaugarrietara egokitzen ziren probak begiratzen hasi ginen, eta horrela etorri ziren Suitzan [Matterhorn Ultraks] eta Portugalen [Louzan Skyrace] lehiatzeko aukerak [Suitzan zazpigarren izan zen, eta irailaren 5ean, Louzanen, bigarren]. Hiru horietan postu onak egin ditugunez, urriaren 8an Munduko Kopako finala izango den Gorbeiako Suzien probarako sailkatu naiz. Lasterketa hori Kanadan edo Txinan izan zitekeen, baina, zorionez, aurtengo edizioa Euskal Herrian egingo dute; sekulako giroa egongo da, ederra izango da.

Oso emaitza onak dira horiek. Bereziki, Portugalen podiumera igotzea... Azken esprintean Noemi Vachon frantziarra azkarragoa izan zen. Amorrua eman zizun?

Ez, benetan, oso pozik amaitu nuen lasterketa. Egun osoan elkarrekin joan ginen, nik bi eroriko izan nituen, hura ere erori egin zen... Segundo batzuetako aldeagatik irabazi zidan, azkarragoa izan zen. Baina banekien oso lasterketa ona egin nuela, eta oso pozik geratu nintzen.

Urrutia, ezkerretik bigarrena, Louzango podiumeko bigarren koskan. Argazkia: EMF

Mendiko lasterketetan ez duzu ohiko bidea egin, 40 urterekin hasi zara nazioartean nabarmentzen...

Bai, halaxe da, eta ez da aurreikusitako gauza bat izan, gainera. Baina olatura igo naiz eta izugarri gozatzen nabil. Etxean behar dudan babesa daukat, selekzioan oso jende ona daukat inguruan eta hilabete hauetan izugarri ikasten nabil... Bai teknikariengandik, baita selekzioko kideengandik ere, ikasi eta ikasi ari naiz. Akaso, iritsi berria naizenez, burua ere freskoago daukat; hau da, ez nago lasterketekin saturatuta.

Hasi berritan egiten diren akats asko egin dituzu?

Abantaila izan dut hasieratik, asko dakien jendea izan dut ondoan, eta horrek asko laguntzen du. Elikaduran, entrenamenduetan, lasterketetan eman beharreko pausoetan... Ondoan daukadan jendeak, bai selekzioko teknikariek, bai lasterkariek... izugarri irakatsi didate.

Heldutasunak patxada handiagoa ematen du?

Baietz uste dut. Gauza bakoitzak daukan garrantzia hobeto neurtzen duzu... Akaso, egiten ari naizen honekin gaztetan baino gehiago gozatzen nabil. Ez dakit zenbat iraungo duen, baina momentuaz gozatu nahi dut. Eta gero gerokoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak