Musika doinuak eta dantzak eskolara berriro

Mirari Altube Arrese 2022ko ira. 9a, 16:10

Mariatxen Urkia irakaslea hainbat neska-mutikorekin musika eskolako gela batean.

Leizarra musika eskolako gelak ikasleekin bete dira; ia 200 lagunek dihardute instrumenturen bat edo beste ikasten eta ia 100ek dantza saioetan. Berritasunak ere badituzte aurten: helduen bigarren talde bat eta alboka eta dultzaina ikasketak.

Eguaztenean zabaldu zituen ateak ikasleendako Leizarra musika eskolak. 400 matrikula baino gehiago egin dituzte aurten: musika eskolan eta tailerretan jardungo dutenak, 104; instrumentuetan, 174; dantzan, 99; abesbatzan, 14; eta helduen kantu taldean, 10. Dena den, oraindik ez dituzte ikasturte berriko kontuak erabat itxita. Gainera, irailarekin batera, berritasun batzuk iragarri dituzte.

Helduen bigarren taldea

Ikasle gehienak gaztetxoak dira, baina helduen talde bat ere badago. Orain, bigarren talde bat osatzea da musika eskolako arduradunen asmoa. "Era interaktiboan emango ditut eskolak, online egingo ditugu lan asko, ordenagailua erabilita. Erritmoa eta kantua ere asko landuko ditugu", adierazi du Mariatxen Urkia irakasleak, eta gaineratu: "Martxan dagoen taldearekin era horretan landu nuen iaz, eta oso gustura jardun zuten".

Bigarren talde horretan hutsetik landuko dute musika; horregatik, aurretik ezer ez dakitenek ere izango dute lekua: "Sarritan entzun izan dut: 'Nik gustura ikasiko nuke, baina ez dakit...'. Orain dute, bada, aukera. Ikasteko beste metodologia bat da eta gogoa bakarrik eskatzen da". Eskola horiek eguenetan emango dituzte, 09:30etik 10:30era.

Alboka eta dultzaina

Bestetik, txistu irakasle Ainhoa Izagirre donostiarrak alboka eta dultzaina eskolak ere emango ditu aurten. "Umeek musika ikasketekin uztartuko lituzkete ikasketok, gainerako instrumentuekin moduan. Eta helduek, aurretik musika ikasketaren bat izanez gero, irakaslearekin adostuko lukete", dio Urkiak. Eskolak zein egunetan izango diren oraindik ez dute zehaztu.

Horrez gain, umeen abesbatza ere osatu gura dute: "Egon badago talde bat, nerabeekin osatutakoa. Eta orain, 7, 8 eta 9 urte ingurukoekin eratu nahiko nuke; musika eskolan dauden ikasleak izan daitezke, baina ez dago zertan, ateak edonori daude zabalik".

Esandako jardueretan izena emateko edo zalantzak argitzeko, Arkupen egoitza duen musika eskolara –943 08 10 01– jo behar dute interesatuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak