Zabalik da amatasun kontsulta Senegalen

Mirari Altube Arrese 2022ko uzt. 15a, 13:22

Aretxabaletarrak Mbamgo hainbat herrikiderekin, alkateordea horien artean. (Argazkia: Yaakar elkartea)

Yaakar elkarteko hainbat kide izan dira Mbam herrian han abiatutako proiektuaren nondik norakoak ezagutzen; emakumeen mediku beharrak artatuko dituzten eraikina bukatuta dago eta elkarlanean jarduteko gogoa agertu dute bi aldeek.

Sei egun egin dituzte Senegalen sei aretxabaletarrek: Yaakar elkarteko presidente Amalia Ormaetxeak eta Lurdes Llodio kideak, haren senar Andoni Markuellok; Karmele Uribarri alkateordeak eta haren seme Danel Sanz-Azkunagak; eta Myriam Beltran de Heredia Udal teknikariak. Mbam herrian abian duten proiektuaren nondik norakoak ezagutu dituzte han.

Eskolan beste bi gela

Mbam udalerri gaztea da eta "behar asko" dituena; bereziki, azpiegiturei dagokienez. Aretxa- baletan bizi diren Aminata Sene eta Souleiman Sarr familiari esker abiarazi zuten elkarlana, eta orain, bisitan izan dira. "Harrera benetan beroa jaso genuen hasiera-hasieratik eta oso esker- tuta agertu ziren", adierazi dute Ormaetxeak eta Uribarrik.

Elkartearekin lankidetzan eraiki berri duten amatasun kontsulta erakutsi zieten. Bergarako, Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalek emandako laguntzari esker egin dute, eta Debagoieneko Ospitaleak dohaintzan emandako materialarekin hornitzea da asmoa: "Dagoeneko hara bidean da material hori; hilabete bukaerarako iritsiko delakoan gaude", adierazi du Uribarrik, ospitaleko erizaina izanik bitartekari lanak egin dituenak, eta gaineratu: "Benetan pozik daude eta dantzen eta musika bidez adierazi ziguten hori. Jantziak oparitu zizkiguten, eta ni asko hunkitu nintzen".

Eraikina inauguratzeko aprobetxatu zuten bisita eta bertan elkartu ziren Uribarrirekin batera osasun etxeko arduraduna, Mbamgo alkateordea eta Senegalgo Gobernuko ordezkari bat. "Esker mezuak jaso genituen eta egun historikotzat jo zuten", azaldu du Ormaetxeak, eta gaineratu: "Guk ere eskerrak eman genizkien proiektuan parte hartzera gonbidatzeagatik, eta sortutako adiskidetasunari esker haien proiektuei eta beharrei erantzuten jarraitu gura dugula adierazi". Plaka bat jarri zuten bertan.

Mbamgo eta Aretxabaletako Udal ordezkariak –Uribarri alkateordea– eta Yaakar elkarteko presidente Ormaetxea. (Argazkia: Yaakar)

Era berean, erditze osteko gela bat eraikitzen hasteko lehen harria jarri zuten Mbamgo alkateordeak eta Aretxabaletako udal ordezkari Uribarrik: "Emakumeen arreta indartu gura dute, gabezia handiak dituelako. Eta eraikin hauek horretarako izango dira".

Emakumeen elkarteko kideekin ere izan ziren: "Berdintasuna lortzeko lanean ari dira. Eta horretarako pauso garrantzitsua izango litzateke lokal bat izatea: kulturari eusteko, ohiturak transmititzeko gazteei... Afrikaren garapenean emakumeen papera oso garrantzitsua da". Hala, Yaakarrek dirua lortzeko ahalegina egingo du emakumeendako egoitza eraikitzeko.

Ormaetxea, Mboutung, Llodio eta Beltran de Heredia. (Argazkia: Yaakar elkartea)

Lehen pausoak

Lehen Hezkuntzako umeen eskola ere bisitatu zuten, "Gasteizko ikastetxe batean lan egiten duen herrikide batek emandako materiala eraman genien", dio Ormaetxeak. Hezkuntzan "behar handiak" dituztela jakinik, ikastetxe horretan bertan beste bi gela eraikitzeko dirulaguntza eskatu dio Yaakar elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Era berean, Senegalgo hainbat txoko bisitatzeko aprobetxatu zuten bidaia; besteak beste, arrantzatik bizi diren herri txikiak ezagutzeko eta Fathala erreserban animaliak ikusteko.

Lehenengo pausoak izan direla emandakoak azaldu gura izan du Uribarrik, eta hemendik aurrera beste asko etorriko direla iragarri: "Aretxabaletak eta Mbamek batera jardungo dute; proiektu asko ditugu lantzeko elkarlanean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak