Ander Martinez: "Eskuinaldera buelta eman beharrean beste aldera egin izan balu, aurrez aurre topatuko nindukeen zezenak"

Mirari Altube Arrese 2022ko uzt. 12a, 10:14

Ander Martinez –eskuinaldean kamiseta gorriarekin eta fraka beltzak– aurtengo bosgarren entzierroan lasterka. (Argazkiak: Youtube rtve)

Bosgarren entzierroan izan zen atzo Ander Martinez Txino (Aretxabaleta, 1999) lagun batekin, eta gertutik bizi izan zituen Cebada Gago ganadutegiko zezenek sortutako arrisku uneak.

Orain arteko entzierrorik arriskutsuena eta zirraragarriena bizitzea tokatu zaizu.
Cebada Gago ganadutegia izanik espero nuen. Horren fama du eta bete egin da; baina oso gustura.

Eta bertatik bertara bizi izan duzu arriskua…
Bai, hala da. Telefonica gunean nengoen eta zezenak buelta eman duenean albotik pasatu naiz. Eskuinaldera biratu beharrean beste aldera egin izan balu aurrez aurre topatuko nukeen. Zortea izan dut. 

Buelta eman duenean ezustean harrapatu du jendea…
Bai. Atzeko korrikalariak ere bizkor zetozen eta bat-batean zezena eurei begira topatu dute parez pare: batzuk gainetik zilipurdika jausi dira, beste batzuk azpian harrapatu… Bufff, izugarria izan da.

Han bertan arrisku egoeran zeundela konturatu zara? Edo ondoren, irudiak ikusterakoan jabetu zara bizitakoarekin?
Momentuan hainbeste kontu pasatzen dira burutik… Hasieran pentsatu dut bertan geratzea, buelta eman duen zezenari itxoitea eta harekin sartzea zezen plazara. Baina gero ikusi dut atzetik beste bi zetozela eta han geratuz gero arriskua oraindik ere handiagoa izango zela. Horregatik beste biekin aurrera egitea erabaki dut.

Zaila izango da segundo batean erabaki bat hartzea…
Bai; eta batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan ez.

Zorte kontua ere bada?
Beno… Zorte apur bat behar da, noski. Baina norberak hartu behar ditu erabakiak eta burua erabili behar da, zentzuz jokatu.

Martinez –kamiseta gorria eta fraka beltzak– zezen plazan sartzen bi zezenen aurrean.

Etxetik joan zara bertara?
Bai; 5:00etan jaiki eta 5:30ean irten gara Aretxabaletatik lagun bat eta biok. Iruñera iritsi, aparkatu, kafe bat hartu eta entzierroaren ibilbidean sartu gara. Aurretik ikustea gustatzen zait: oinez egin ibilbidea osorik, zenbat jende dagoen ikusi, xehetasunetan erreparatu… Faktore askok izan dezaketelako eragina. Santo Domingotik abiatu eta goraino joan gara.

Eta beti Telefonicako tartean egin duzu korrika?
Bai, Telefonicatik zezen plazara. Gustuko dut gune hori. Hasiera partean, Estafetan zein udaletxe inguruan, zezenak oraindik fresko daude, abiadura bizian etortzen dira, eta gainera, jende asko egoten da. Telefonica ingururako zezen taldea banatu egiten da sarritan, abiadura jaitsi egiten dute eta jendea ere banatu egiten da.

Zenbatgarrenez egin duzu korrika?
Hirugarrena izan da. Orain dela bi urte, egin nuen lehenengoz, orduan bi entzierrotan izan nintzen; Cebada Gago eta Jose Escolar ganadutegitako zezenekin. Eta oraingoan berriro Cebada Gago tokatu da.

Astelehena nahita hautatu duzu?
Asteburuan jende asko egoten da, eta orduan hobe da jai girora joatea. Entzierroan korrikan egiteko, ostera, nahiago dut aste barrua. Lantokian horregatik eskatu nuen jai astelehenean, asmo horrekin buruan.

Entrenamendurik egin duzu aurretik?
Ez, ez dut egin aparteko ezer. Sokamuturra antolatzen den herrietara joan izan naiz, Azpeitira, esaterako. Horiek dira entrenamendu onenak. Erritmoa galtzea ez da komeni noski, baina futbol jokalaria izanik nahiko ondo mantentzen naiz.

UDAko jokalaria zara; elkarteak ez dizu sekula ezer esan?
Ez, orain arte behintzat ez dit sekula trabarik jarri. Eta espero ez jartzea, noski.

Gustura geratu zara aurten egindakoarekin?
Bai, oso gustura. Horixe esan diot lagunari: zerbait egin dugu behintzat. Izan ere, jai hartu lantokian, 05:00etan esnatu, Iruñeraino joan eta gero, pentsa, jausi edo beste zerbait gertatu eta ezer ez egin izana… 

Gaur egun telebista kamerekin ondo baino hobeto ikusten da entzierroa eta baita korrikalariak ere…
Bai horixe! Jende askok esan ikusi nauela. 

Eta etxekoek zer esan dizute?
Aita zezenzalea da, Salamancakoa izanik han ere afizio handia dagoelako; berak eramaten ninduen zezenak ikustera eta berari esker daukat zaletasuna. Baina ama… Bukatutakoan deitzeko esaten dit beti. Egin dugu berba eta telebistan ere ikusi nau; ondo nagoela ikusi arren negarrez hasi da. Badakit sufritu egiten duela baina ezin dut ezer egin… Benetan gustuko ditut eta zezenak.

Aurtengoz nahikoa edo berriro joango zara?
Ez dakit, ez dakit… Seguru asko asteazkenean joango naiz berriro. Eta hura bai, azkena izango da; etxekoak bakean utziko ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak