Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) hiri lagunkoiak bultzatzen dihardu azken urteetan; hau da, ingurune integratzaile eta iris- garriak, pertsonen eta zahartze aktiboaren arteko bizikidetza sustatzen dutenak. Horren aldeko mugimendua 2009an hasi zen ematen lehen pausoak EAEn, Donostia OMEren Mundu Sarean sartu zenean, eta 2012a ezkero abian da. Ordutik, asko hazi da ekimena, eta 70 udalerri daude atxikita gaur egun: 27 Bizkaian, 18 Araban eta 25 Gipuzkoan. Azken horien artean dago Aretxabaleta.
Jaurlaritzak hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuen ekainaren 29an, Tabakaleran, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, eta gonbida- tuen artean egon ziren aretxabaletarrak; Juan Tomas Zabalak, hain zuzen ere, ordezkatu zuen Aretxabaleta Lagunkoia.

Bakardadearen gaineko lanketa
"Lurralde bakoitzeko talde bana aukeratu zuten bizipenen eta ibilbidearen berri emateko Donostiako urteurrenaren ospakizunean. Eta Aretxabaleta Lagunkoia gonbidatu zuten Gipuzkoako ordezkari izateko. Zabala kideak eman zuen gure lanaren berri, eta bakardadearen lanketaren gainean berba egin; euskaraz soilik, gainera", adierazi du taldearen sortzaile eta bultzatzaile Pedro Etxebarriak, eta gaineratu: "Ordezkari bakoitzak azalpenak emateko zuen tartea motza izan zen, baina Zabalak oso ondo laburtu zuen eta askok zoriondu dute horregatik".
Herri lagunkoien gaineko lehen hausnarketak 2012an abiatu zituzten Basotxo erretiratuen elkarteko hainbat kidek. Ordutik, gai asko landu dituzte taldean, baita Aretxabaletaren gaineko diagnostikoa egin ere; herria goitik behera behatu eta hobetu beharrekoak jasota dauzkate hor. Orain, bakardadeari heldu diote eta Udalarekin elkarlanean dihardute, gainerako gaiekin bezala.