Gaztetxoen aisialdia asetzeko egunak datoz

Mirari Altube Arrese 2022ko uzt. 1a, 18:15

Loratuko ordezkari Julen Perales eta Ainhoa Sanchez, eta erdian, Ainhoa Cabero zinegotzia. (Argazkia: Anabel Dominguez)

Astelehenean hasi eta hiru astez udaleku irekietan jardungo dute herriko 320 neska-mutikok 34 begiraleren gidaritzapean. Nerabeek, 100 baino gehiagok, ostera, Udaero programari esker hainbat irteera egingo dituzte. Eta UDAko campusean futbola izango dute ardatz ia 90 umek.

Uztaileko lehen astearekin batera datoz udaleku irekiak, beste behin. Bi urtez pandemiaren murrizketen menpe egon ondoren, normaltasuna berreskura- tuko dute eta jarduera mordoa izango dituzte 3 eta 12 urte arteko 320 neska-mutikok. Aisialdian euskaraz hitz egitea, naturarekin harremana izatea eta ondo pasatzea dira helburuetako batzuk, eta Udalak 72.300 euro bideratu ditu horretara.

Herrialdeak ezagutzen

Loratu izeneko udalekuak uztailaren 4tik 22ra izango dira abian, eta aurten ere Loramendi elkarteak kudeatuko ditu. Herriko Plazan elkartuko dira egunero eta ordutegia izango da 09:00etatik 13:00etara –2018an jaiotakoak 10:00etan hasiko dira–.

Aurreikusitako ekintzen artean daude igerilekuetan freskatu, tirolinan ibili, sanferminak ospatu eta ur jolasetan jardun. "Ildo beretik, naturak eskaintzen dizkigun baliabideak aprobetxatuko ditugu eta altxorraren bila ibiliko gara, orienting-a prestatu dugu eta txangoak egingo ditugu inguruko parajeetara", adierazi dute Julen Perales eta Ainhoa Sanchez koordinatzaileek.

Berrikuntzak ere iragarri dituzte: "Herrialde baten bueltako lanketa egingo du talde bakoitzak: janaria, ohiturak, jantzi tradizionalak, dantzak... ikertuko dituzte, eta gero, azken jaialdian, herrialde horren berri emango diete besteei".

Ekintzak dinamizatzen eta gidatzen 34 begiralek jardungo dute, eta taldearekin gustura agertu dira koordinatzaileak: "Belaunaldi aldaketa dago eta asko dira berriak, baina pozik gaude egindako aukeraketarekin. Aurrekoetan legez, trebakuntza saioak jaso dituzte eta lanerako gogotsu daude".

Era berean, oso pozik daude programak izan duen erantzunarekin, eskainitako leku guztiak bete egin direlako: "Gogorarazi gura dugu hezitzaileen ordutegia dela 08:30etik 13:30era eta koordinatzaileona 08:00etatik 14:00etara. Eskertuko genuke ordutegia errespetatzea deiak egiterakoan eta mezuak bidaltzean".

100 gaztetxotik gora

Udaeron Bestalde, Txatxilipurdiren gidaritza duen Udaero programarekin 12 eta 16 urte arteko 100 gaztetxok baino gehiagok egin dute bat. Horiek ere hiru astetan izango dituzte jarduerak, baina ez egunero, eta irteerak izango dira nagusi. Astelehenean, hilaren 4an, Urdaibaira joango dira piraguan ibiltzera; eguaztenean, mendira, izarrak ikustera; egubakoitzean, hilaren 8an, Mutrikura igerileku naturaletan bainatzera; eta 11n, Usakora, egun-pasa, bizikletan. Horiez gain, parrillada egingo dute uztailaren 15ean, herrian bertan, eta 19tik 21era bitartean Gaztekonkis txapelketa izango dute. "Hain zuzen ere, azken bi horiek izan dute arrakastarik handiena", adiera- zi dute Atxagazte gaztelekuko koordinatzaileek. Aisialdian ohitura osasuntsuak sustatzea eta euskaraz jardutea daude Udaeroren helburuen artean.

UDAren campusean ia 90 ume

Aretxabaleta kirol elkartearen futbol campusak ere ez du hutsik egingo, eta, astelehenean hasita, hiru astez elkartuko dira Ibarra futbol zelaiaren bueltan. 8 eta 12 urte arteko 88 neska-mutikok jardungo dute hamar begiraleren esanetara, eta, futbola izan arren ardatz, beste jarduera batzuk ere egingo dituzte. "Nire ardurapean dagoenetik campusa, ez dugu izan halako kopururik", adierazi du Iker Arriolabengoak, pozik. Goizez eta arratsaldez elkartuko dira neska-mutikoak. Egun batzuetan futbolean eta igerian egingo dutela iragarri du Arriolabengoak: "Eskalatzera joateko asmoa ere badugu eta mendi bizikletarekin irteerak egitekoa ere bai". Eta beste egun batzuetan inguruko mendietara egingo dituzte txangoak: Kurtzebarrira, Murumendira, Urkulura... "Futbola landuko dugu eta mendizaletasuna sustatu ere bai; hain zuzen ere, naturarekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea da asmoa: inguruko parajeak ezagutu, baita zuhaitzak eta landareak ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak