Virgin Mari taldeak salatu du erasoak jasan zituela Sopelan

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 30a, 17:45

Virgin Mari taldeko kideak prestatze lanetan. (Argazkia: Virgin Mari DJ Set)

Jaietako Egun Morean show-a egin behar zuten, baina irainak jaso zituzten eta objektuak jaurti zizkieten. Horregatik, bertan behera utzi zuten ikuskizuna laugarren abestian.

Aretxabaletako bost neska gaztek osatzen duten Virgin Mari DJ Set taldea –musika, dantza, show-a eta emakumeen ahalduntzearen aldeko aldarrikapenak bateratuta– Sopelako jaietara gonbidatu zuten, show-a eskaintzeko domeka gauean. "Jaietako Egun Morea zen; Sugarri neska* taldeak gonbidatu gintuen txosnagunera eta Udalak egin zigun kontratua", adierazi dute Virgin Mari taldeko kideek: "Show-a, baina, bertan behera utzi behar izan genuen laugarren abestian, publikotik jasotako erasoen ondorioz".

Irainak eta objektuak

Sare sozialen bitartez aditzera eman dute "erasoak" soinu probak egiten zebiltzan unean bertan hasi zirela: "Eszenatoki gainera objektuak jaurtita eta guri oihukatuta. Hasieran, ez genien garrantzi handirik eman, erasotzaileen adin tartea ikusita, 15-16 urte inguru, eta gurera jarraitu genuen". Kontzertua hastean areagotu egin zirela "erasoak" esan dute: "Taldekide bati objektu bat bota zioten eta jo egin zion. Dantzan hasi ginen unean eta gure show-aren parte den arropa aldaketan, erasoak gailendu egin ziren, eta gu deseroso sentiarazi: txistuak, irainak –putas, guarras, zorras, tias buenas...– eta abar, eta abar, gure gorputzak etengabe sexualizatuz". Hala ere, ekitaldiarekin aurrera egitea erabaki zuten: "Orduan, eraso fisikoak hasi ziren: izotzak, botila beteak, baloiak, plastiko gogorrak... jaurtita. Erasoak okertzen ari zirela ikusita, musika itzali eta atentzioa eman genien, eraso bat gehiago jasanez gure kontzertua bertan behera utziko genuela azalduz".

Sugarri taldeko kide batzuek babesa erakutsi zieten orduan, eta bertan behera uztearen erabakiarekin ados egongo zirela azaldu: "Guk aurrera jarraitzea erabaki genuen, gugatik, neska* gazteengatik eta antolatzaileengatik. Baina laugarren abestirako egoera jasanezin bihurtu zen: esbastikak erakutsi, feminista hitza irain bezala erabili... Aldi berean, eremua mugatzen zuten hesiak lurrera bota zituzten eta soinu teknikariari eraso egin zioten. Orduan, amaitzea erabaki genuen, gure ongizatea arriskuan zegoela ikusita".

"Matxismoaren eredu"

"Arazo sistemiko baten ondorioa" izan zela erasoa adierazi dute: "Patriarkatuaren eta matxismoaren eredu garbia". Baina "erantzuteko indarra" atera zuten: "Une hartan, frustratuta eta amorruz beteta geunden, minduta eta haserre ere bai, eta hori izan zen indarra eman ziguna".

Labana musika taldekoen –haien osteko taldea– eta Sugarri neska* gazteen babesa jaso zuten eta udal ordezkari bi ere gerturatu zitzaizkien. "Gertaera salatzeko eta ikusgarritasuna emateko irakurketa bat egin genuen, eta gero, sare sozialetan zabaldu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak