Kiroldegiaren aurrealdeko berdegunean zer egin erabakitzeko Udal Gobernuak abian jarri duen parte-hartze prozesuaren harira EH Bilduk bere iritzia agertu gura izan du, eta egindako ekarpenen berri eman.
Parte-hartze "prozesu espres" hori skate-parkea egin baino lehen zergatik ez zen planteatu galdetu zuten Ion Albizu, Jone Ojea eta Gorka Gabilondo zinegotziek martitzenean: "Udal Gobernuak berak ere onartu du geratzen den espazioa txikia dela eta geometria nahiko txarra duela. Era desordenatuan eta inprobisatuan egin zen dena, eta orain, planifikaziorik ezaren ondorioak datoz". Eta "hamabost egunetan" egindako prozesu baten bidez "urte askotarako" izango diren kirol ekipamenduak erabakitzeak zalantzak eragin dizkie.
Jolasa eta kirola uztargarri
Ibarra kiroldegiaren eta futbol zelaien inguru hori guztia kirol-gune izateak baduela zentzua diote, "espazioa bere osotasunean begiratuta". Eta gaineratu dute aisialdia eta kirola ez dituztela Udal Gobernuak bezain agerian bereizten: "Egun-pasarako, jolaserako edo kirol arautua egiteko gunea izatea guztiz uztargarria delako: familiek zein norbanakoek gauza ezberdinak batera egiteko aukerari balioa ematen diogulako". Horregatik, herritarren interesak zeintzuk diren aztertzea jo dute interesgarritzat: kirol mota gustukoena, espazioen erabilera –autoen zirkulazioa, oinezkoena, kirol ekipamenduak–…
Udal Gobernuari "aspaldi" proposatu zizkiotela zenbait aukera adierazi zuten: "Eta oraintsu, hiru aukera posible horiek zehaztasun handiagoarekin jarri dizkiogu mahai gainean. Orain, herritarrei helaraztea ere egokia dela uste dugu, erabakitzeko orduan ahalik eta informazio gehien izateko".
Aukera "irekiak"
Joan den astean egindako parte-hartze prozesuan jasotako informazioa, teknikarien ekarpenak eta eskuartean dituzten ideiak kontuan hartuta hiru aukera proposatu ditu EH Bilduk: "Ez dira aukera itxiak, haien artean hainbat elementu trukatu daitezke". Irizpide moduan honako hauek hartu dituzte kontuan, besteak beste: kirol edo aisialdi ekipamendu mota; berdegunearen erabilera –bere horretan mantendu edo ez–; eta oinezkoen lehentasuna, segurtasuna eta aparkalekuak.
Lehenengo aukera
- • Berdegunean kirol ekipamenduak jarri: estalitako kirol-gunea eta irekiak: ur-jolasak...
- • Ingurua –errepidea, aparkalekuak– bere horretan mantendu.
Bigarren aukera
- • Berdegunea mantendu, kirol ekipamenduei lekua eginda: ur-jolasak, mahaiak...
- • Bi futbol zelaien arteko errepidea noranzko bakarrekoa: aparkalekuak alde batean, bidegorria bestean.
- • Futbol zelai handiaren atzealdean estalitako kirol-gunea.
- • Kiroldegiaren eta futbol zelai txikiaren artean plazatxo bat: ping-pong mahaiak...
Hirugarren aukera
- • Berdegunea mantendu, kirol ekipamenduei lekua eginda: ur-jolasak, mahaiak...
- • Bi futbol zelaien arteko errepidean –autorik ez– estalitako kirol-gunea.
- • Kiroldegiaren eta futbol zelai txikiaren artean plazatxo bat: ping-pong mahaiak...
Kirol azpiegiturak "zaindu"
EH Bilduko zinegotziek lanean jarraitzeko gogoa agertu dute, nahiz eta "proposatutako parte hartze prozesuak gabezia asko izan". Eta gogorarazi gura izan dute beste kirol azpiegitura batzuk ere badirela herrian; pilotalekua, esaterako, "konponketak eta atentzioa" behar dituztenak: "Eta horrek lehentasuna izan beharko luke".