Merkataritzan eta ostalaritzan euskara pizteko ekintza plana zehaztuko du Udalak

Mirari Altube Arrese 2022ko mai. 16a, 10:18
Durana kaleko denda bat.

Ekintza plana diseinatuko du Udalak hizkuntzaren egoera hobetzeko. aurretik, diagnostikoa osatuko dute, eta aurrera begirako ildo nagusiak zehaztu; horretarako, bi bilera egingo dituzte, maiatzean, merkatariekin eta ostalaritzako kideekin.

Herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen egoera hobetzeko eta erabilera sustatzeko helburuarekin ekintza plana diseinatuko du Udalak. Gogoeta-prozesua bat abiarazi gura du, sektore horrek euskararen normalizazioan jokatzen duen rolaz jabetzeko eta hizkuntza hori indartzeko proposamen zehatzak adosteko, besteak beste.

Egoera ezagutzeko diagnostikoa egin zuen Udalak 2020an. Aretxabaletako establezimenduen %75ek hartu zuten parte orduan, 72k, hain zuzen ere, eta 228 langileren datu soziolinguistikoak jaso zituen. Elhuyar Aholkularitzari eman zion horren ardura, 16.000 euroko aurrekontuarekin. Pandemiak, baina, geldiarazi egin zuen prozesua, eta orain, berriro abiaraziko dute.

Hamazortzi lagun deituta

Plangintza zehazteko bi bilera egingo dituzte merkataritzako eta ostalaritzako hamazortzi ordezkarirekin: maiatzaren 17an eta 31n, 15:00etatik 16:30era, Arkupen. Lehenengoan, egindako diagnostikoa partekatuko diete; eta bigarrenean, aurrera begirako lan ildoak adostuko dituzte.

Diagnostikoan jasotako datuak

Galdetegiari erantzundako langileen %88k esan dute ondo edo erdizka moldatzen direla euskaraz. Hona hemen datuak:

  • Jakintza: %72 ondo moldatzen da euskaraz; %16 erdizka; eta %12k ez daki.
  • • Errotuluak: %74 euskaraz; %8 gaztelaniaz; eta %18 ele bietan.
  • Tiketak: %53 euskaraz; %14 gaztelaniaz; eta %33 ele bietan.
  • Menua: %14 euskaraz; %29 gaztelaniaz; %57 ele bietan.
  • Sare sozialak: elementuen %21 euskaraz; %22 gaztelaniaz; %57 ele bietan.
  • Ahozko harremanak: %51 euskaraz; %24 gaztelaniaz; %25 ele bietan. Lehenengo hitza %74k euskaraz egiten du, eta %49k bezeroekin euskaraz dihardu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak