Lankidetza proiektu bat du martxan Aretxabaletako Yaakar elkarteak Senegalgo Mbam herrian; hango osasun zentroan erditze eta kontsulta gelak eraiki dituzte azken urtean. Horiek hornitzeko materiala jaso dute orain, dohaintzan, eta hori bidaltzeko diru-bilketa kanpainari ekin diote.
Diru-batze kanpaina
2019az geroztik lanean diharduten Yaakar elkarteko kideak pozik agertu dira Debagoieneko Ospitaletik jaso duten materialarekin: ospitaleko lau ohe, lau mahaitxo, bi besaulki, lau ohatila finko, ohatila hidrauliko bat, ekografiak egiteko makina, bestelako hainbat altzari eta babes materiala; besteak beste, mantal berrerabilgarriak. "Dohaintza horrek herriko emakumeen bizitzara hobekuntza handia ekarriko du, haurdunaldian eta erditzeko orduan laguntza eskainiz, eta haurren heriotza-tasa murriztuko du", azaldu dute elkarteko kideek.
Material hori Senegalera zelan bidali da orain erronka: "Hori guztia Mbam udalerriko osasun etxera eramateko edukiontzi bat ordaindu behar da, eta gastu horri aurre egiteko kanpaina bat abiarazi dugu". Ordainketak bi eratara egin daitezke: Bizum aplikazioan sartuta: klik egin Dohaintza –Eman– botoian eta Yaakar Aretxabaletako elkartea bilatu; edo banketxe-transferentzia bidez, zenbaki honetan: ES60 3035 0002 16 0020077455 –Laboral Kutxa–. Gainera, maiatzaren 28an, Txakolin Egunean, kalean ere izango direla dirua jasotzen jakinarazi dute: "Dohaintza guztiak dira ondoetorriak!".
Emakumeendako arreta
Senegalgo hego-mendebaldean, Fatick eskualdean eta Foundiougne departamenduan dago Yaakarrek abian duen proiektua, eta Aretxabaleta, Bergara eta Eskoriatzako udalen eta Mbam herriko eragileen laguntzarekin eraiki du amatasun-kontsulta.
"Proiektuaren helburu nagusia da larrialdiko obstetrizia-arreta eta jaioberriena hobetzea; izan ere, Mbam udalerriak ez du instalazio egokirik amaren eta jaioberriaren osasuna bermatzeko", adierazi dute eta aurrez aurre dituzten erronken berri eman: amaren heriotza-tasa murriztea; arreta medikoa jasotzeko aukera bermatzea, bereziki populazio ahulenei eta nekazari-ingurukoei; kalitatezko osasun publikoko zerbitzua lortzea; eta osasun plan baten bidez bertako osasun sistema hobetzea.
Uztailean Aretxabaletako ordezkaritza bat joatea hara bisitan da asmoa, egindakoen berri bertatik bertara jasotzeko.