Aretxabaletarren jakin-mina piztu du Ekiola proiektuak

Mirari Altube Arrese 2022ko mai. 12a, 15:46

Arkupen egindako aurkezpenera 70 bat lagun joan ziren, eta egunean bertan, hainbatek eman zuten izena.

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren gaineko xehetasunak azaldu zituzten martitzenean Aritz Otxandianok, Fagor Tal-
deko Iraunkortasun arduradunak, eta Elene Santa Mariak, Ekiolaren Gipuzkoako eta Bizkaiko proiektuen arduradunak.

Trantsizio energetikorantz pausoak ematen hastea dela kooperatiba berriaren helburua jakinarazi zieten Arkupen elkartutako 70 bat herritarrei. Hala, Arrasateko lurzoruan jarriko den parke fotovoltaikoan megawatt bateko potentziako eguzki parkea eraikiko da. Leintz bailarako 450 bazkidek izango dute lekua kooperatiban, eta horien energia beharrak %100 asetzea da asmoa. 25 urterako bizitza izango du parke horrek eta "ingurumenarekin eta lehen sektorearekin bat" egingo du.

Aurretiko izen-ematea zabalik

Herritarren kezkak ere argitu zituzten hizlariek. Etxebizitzen zein lantegien teilatuetan plakak jartzea ez dela nahikoa izango adierazi zieten, "%100 hornitu gura bada". Jakinarazi zuten sortutako energia beti sarera salduko dela, eta handik kontsumitu gero, "energia berdea etiketarekin". Eta unean uneko erronkei erantzuteko erabakiak kooperatibako bazkideek hartuko dituztela gogorarazi zieten.

Aurretiko izen-emate epea dagoeneko zabalik dago helbide honetan: ekiola.eus/leintz-bailara. Orain ematen dutenek lehentasuna izango dute irail inguruan abian jarriko den bazkidetze kanpainan. Parke fotovoltaikoa eraikitzen azaroan hasiko dira, eta 2023ko otsailean funtzionamenduan izatea gurako lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak