Metodo nordikoa, adinekoei laguntzeko

Imanol Beloki Unamuno 2022ko api. 30a, 10:00

Metodo berritzailearen saio praktikoaren aurkezpenean.

AtxabaltaMugi programaren barruan, Finlandiatik datorren metodo berritzaile baten bitartez, 70 urtetik gorako pertsonen indarra, mugikortasun gaitasuna, artikulazioen koordinazioa, oreka eta erresistentzia hobetzeko egitasmoa jarri dute martxan.

AtxabaltaMugi programak, Finlandiatik datorren teknologia berritzaile baten bitartez, 70 urtetik gorako herritarrekin jarduera fisiko eta kirolaren orientazio zerbitzuetan aitzindaria den ekimen bat abiarazi du. David Health Solutions metodo nordikoari esker, pertsonaren bizkarrezurraren funtzionaltasun muskulu-eskeletikoaren diagnosia egingo da, eta bertatik abiatuta banakako programak garatuko dira, norbanakoaren indarra, mugikortasuna, artikulazioen koordinazioa, oreka eta erresistentzia hobetzeko.

Bizkarrezurraren diagnosia

Teknologia berritzaile honen xehetasunak eman zituen, eguaztenean egindako saio praktiko batean, AtxabaltaMugiko arduradunak, Athlon enpresako Maialen Alkortak: "Erabiltzaileen bizkarrezurraren diagnostiko funtzional bat egingo dugu; hau da, neurketa bat egiten da haien bizkarrezurrak nolako indar eta zein mugikortasun duen ezagutzeko, eta, hori oinarri, banakako programa bat planteatuko dugu, hamabi saiotan banatzen dena, hobekuntza horiek bilatzeko. Behin amaitzean, beste neurketa bat egingo dugu, konparatzeko eta emaitzak ikusteko".

Aktibotasuna sustatzen

Saio praktikoan eta metodo berritzailearen aurkezpenean, Koldo Zubillaga Aretxabaletako Kirol zinegotzia ere izan zen, eta, AtxabaltaMugiren egitasmo berriaz gain, programaren helburuak zeintzuk diren ere adierazi du: "Aretxabaleta dinamikoagoa izatea eta herritarrak osasuntsuagoak izatea edo bihurtzea da helburua, eta baita sedentarismoa geldiaraztea. Kasu honetan, adineko pertsonetan zentratu gara, eta haien bizi-kalitate hoberantz pauso bat ematea da asmoa".

Asier Mujika Aretxabaletako Kirol teknikariak, bestalde, gaineratu du AtxabaltaMugi proiektuan lan ildo ezberdinak jarraitu direla. "Kasu honetan, adineko jendeari bideratuta dago, eta esan beharra dago makineria hau guztiau ezarrita zegoela. Inbertsio hau Athlonekoek egin dute, eta, makineria hau izanda, baliabide horiek aprobetxatu ditugu".

TXARO URIARTE. ATXABALTAMUGIKO KIDEA

"Astean behin etortzen naiz makina hauekin ariketak egitera. Oraingoz, hiru makinatan aritu naiz soilik, eta uste dut onuragarria izango dela. Batez ere, bizkarrean eragiten dute, eta nik bizkarra, behintzat, ondo dut; bestelakoak, aldiz…".

LURDES AJURIA. ATXABALTAMUGIKO KIDEA

"Nahiko ondo ari naiz hemengo makinetan, nahiz eta ez dudan oraindik hobekuntza handirik igarri. Denbora gutxi daramat, bost edo sei saio, eta goiz da zerbait esateko; ikusiko dugu, baina guk zer dakigu, ba, ia 80 urterekin!".

Sedentarismoa geldiarazteko urratsak

Udal Kirol zerbitzuek bultzatuta eta Athlon kooperatibak kudeatuta, AtxabaltaMugi 2016an jarri zen martxan, gizarte aktiboagoa sortzeko, sedentarismoa geldiarazteko eta jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzeko. Zazpi urte hauetan adin ezberdinetako 220 pertsona igaro dira programatik, eta horietatik 40k modu aktiboan parte hartzen jarraitzen dute.

AtxabaltaMugik kirol orientazio zerbitzua ere eskaintzen du astelehenetan 9:00etatik 13:00etara eta asteazkenetan, 14:30etik 18:30era. Harremanetan jartzeko 662 623 830 telefonora deitu edo atxabaltamugi@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidali behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak