Miren Larrañaga: "Biztanleriaren %80k bizkarreko mina du"

Jone Olabarria 2022ko api. 13a, 12:01

Miren Larrañaga, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian dagoen Athlon bizkar klinikan

Zortzi urte beteko ditu aurten Aretxabaletan dagoen Athlon bizkar klinikak. Bizkarreko eta lepoko minaren aurkako azken teknologiarekin egiten dute lan pazienteekin.

Bizkarreko gaitz muskulu-eskeletikoak era funtzionalak baloratu eta tratatzen dituen klinika espezializatua da Athlon. Hiru urte daramatza bertan lanean Miren Larrañagak.

Zerk egiten du ezberdin Athlon?

Puntako teknologiaz eta profesional adituen ezagutzaz baliatuz, bizkarrezurreko diagnostiko funtzionala egiten dugu eta datu horietan oinarritutako banakako tratamendu pertsonala eskaintzen dugu.

Zein motatako jendea dator klinikara?

Denetik dago. Asko aurretiko diagnostiko mediku batekin etortzen dira. Hala ere, inongo diagnostiko mediku barik datorren jende asko dago, gero eta gehiago, eta, balorazioa egitean, mina desoreka muskularren jatorria dela ikusten dugu. Proportzio txikian bada ere, prebentzio moduan datorren jendea ere badaukagu.

Askotan, adinarekin lotzen dugu bizkarreko mina...

Adinari dagokionez, ez dago mugarik. Orain momentuan, gazteenak 25 urte dauzka eta zaharrenak, 90. Biztanleriaren %80k du edo izan du bizkarreko mina; askotan, erresonantzia batekin edo diagnosi batekin datoz, baina ez da ezer ikusten bertan. Guk, azken batean, min hori nondik datorren aztertzen dugu; izan daiteke ezker aldean izatea mina baina arazoa beste gorputz atal batetik etortzea.

Nolakoa da zuek eskaintzen duzuen saio bat?

Ordubeteko saioa izaten da: hasieran, beroketa aerobikoak egiten ditugu –bizikleta estatikoa, zinta eta eliptikoa–; horren ondoren, makinetan zirkuitua; eta amaitzeko, luzatze ariketak.

Zein da zure lanaren alderdirik onena?

Nire lanaren alderdirik onena jendeari laguntzeko daukagun aukera da. Oso zaila da beste pertsona baten aurrean zure min, ardura eta egonezinak azaltzea. Ez da erraza hori islatzea, eta asko eskertzen diegu pazienteei.

Eta okerrena?

Alderdirik okerrena, batzuetan notizia txarrak eman behar izaten ditugula.

Zertan datza zuen tratamenduak?

Pazientearen parte hartze aktiboan, egokitutako ariketa terapeutikoan eta esku terapian oinarritzen da eskaintzen dugun tratamendua. Bizkarrezurraren diagnostiko funtzionala egiten dugu, hau da, mugikortasun eta indarraren balorazioa.

Etengabe eguneratuta egon beharko duzue...

Bai; astero artikulu zientifiko berriak ateratzen dira eta formakuntzaren bidez ere eguneratuta egon behar dugu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak