Jaiotzez tolosarra da Koki Hernandez eta Ordizia du bizitoki eta sormenerako lantoki, zeramika-tailerra bertan duelako; azken hilabeteetan Aretxabaletan ere ezagun egin da –ahizparen dendan diharduelako lanean–. Haren lanei lekua egin diete orain, Arkupeko erakusketa gelan, eta eguaztena ezkero Buztinaren azalaren azpian izeneko bilduma du ikusgai.
Barrukoa atera
Buztinak bete egiten duela dio artistak: "Nire pasioa da eta dena eman dit. Buztinari esker 27 urtez ibili naiz azokarik azoka, irakasle lanetan jardun dut eta erakusketak egin ditut". Pandemiak, baina, bete-betean harrapatu dituela artisauak azaldu du; horregatik, azokak albo batera utzi eta erakusketak egiteari ekin dio: "Buztinari diodan errespetu eta miresmen guztiarekin dihardut lanetan eta egindako hori erakusteko unea dela iruditu zait. Horrekin, barruan dudana erakutsi gura dut eta sentsibilitate apur bat transmititu, galtzen ari garen ustea dut eta". Hauxe gaineratu du: "Zu zer zaren, nor zaren hausnartzeko da niretzako buztina. Barruan duzun hori ateratzen laguntzen badit zelan ez jarri buztinaren azalaren azpian... Hori izugarria da, eta azaltzeko zaila".
Buztin ezberdinak lantzen ditu: "Bakoitzak bere erreketa puntua du, bere esmalteak ditu, eta azken horiek ere neuk egiten ditut, nahiz eta izugarrizko lana izan. Eta gero, pieza bakoitza mimoz landu gura izaten dut".
Artisauen lanari balioa
Artisauen lanari aitortza egin gura dio erakusketarekin: "Ni artisaua naiz, azokak utzi baditut ere; kaleko jendea gara, autodidaktak, askeak, jendeari zerbait polita emateko lanean... Horregatik, artisauen lanari balioa eman gura diot, desagertzear dago-eta azken urteetan. Eta guztiek ez dute erakusketak egiteko aukerarik".
"Harrera beroa" egin diote aretxabaletarrek, eta oso pozik dago: "Ez dut inolako arazorik izan Arkupeko arduradunen eta langileen aldetik. Eta herritarren gustuko dela ere antzeman dut, aurpegiek esaten dutena ezkutatzerik ez dago eta".