Nerabeek ezetz esan diote indarkeria matxistari

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 25a, 18:08

Spota egin du udaleko berdintasun Sailak herriko bost gaztetxorekin, hainbat egoera agerian uzteko eta laguntza non eskatu zabaltzeko; nerabeen eta gazteen artean gertatzen den indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren baitako ekintza da.

Nerabeen eta gazteen artean gertatzen den indarkeria matxistaren aurkako protokoloa argitaratu zuen iaz Udalak, herriko hainbat eragilerekin lanketa egin ostean. Horren bueltan, spota atera du orain herriko hainbat gaztetxoren parte-hartzearekin.

Eragileak trebatzen

2021eko urrian aurkeztu zuen Berdintasun Sailak protokoloa, Atsegin Odriozola Iribar teknikariak azaldutako legez: "Hainbat egoera ikusita eta herriko zenbait eragilek horren beharra atzemanda egin zen. Gaiaren gaineko trebakuntza jaso zuten eragileek, lehenengo, eta ondoren, protokoloa adostu zen". Orain, bideoa egin dute: "Herrian zabaltzeko egin da; halako egoerarik bizi izanez gero nora jo dezaketen adierazteko".

Berdintasuna hainbat arlotan lantzen dela gaur egun uste du Odriozolak, baina oraindik badagoela zeregina: "Indarkeria mota batzuk sutilagoak dira eta horrek lanketa baten beharra dakar. Horregatik trebatu dira herriko hainbat eragile, egoera horiek identifikatu ahal izateko eta ahal den ondoen laguntzeko". Hezkuntza ez-formalean diharduten eragileak dira; UDAko begiraleak eta gaztelekukoak, besteak beste.

Berdintasun Sailetik nerabeei baliabideak eman gura dizkiete indarkeria matxista saihestu ahal izateko, baina onartu du abiapuntuan daudela. "Hurrengo pausoak zeintzuk izango diren aztertzen ari gara, non jarri gure indarrak erabakitzeko. Eragileekin abiatutako lanketari jarraipena egitea da asmoa".

Gaztetxoen parte-hartzea

Ion Ander Urrutiak, Maddi Urkiak, Izaro Hernandezek, Ainere Caballerok eta Uxue Astolak hartu dute parte Berdintasun Sailetik bideratutako spotean, eta Odriozolak balioa eman dio horien parte-hartzeari: "Gaztetxoak dira, askotan, indarkeria jasaten dutenak, eta identifikatuta senti daitezke horrela".

Gaztelekuko begiraleek animatu zituzten, eta zalantzarik gabe eman zutela baiezkoa adierazi dute DBHko laugarren mailako gaztetxoek: "Herritarren parte-hartzea aproposa iruditu zaigu, gaiari garrantzi handiagoa ematen zaiolako horrela eta mezuaren zabalkundea errazten duelako".

Era berean, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eskolatik kanpo lantzea garrantzitsua iruditu zaie; aisialdiari
eskainitako espazioetan, esate
rako. "Eraso matxistak ugariak direla gazteen artean uste dugu, gaur egun saltzen diguten maitasun erromantikoaren eraginez oso normalizatuta daudelako. Eta normalizazio hori oso arriskutsua izan daiteke. Horregatik, spotean adierazten diren egoerak detektatzea garrantzitsua da, baita gazteok jakitea ere halakoak jasanez gero laguntzeko prest dauden hainbat erakunde daudela; horien artean daude gaztelekua eta UDA".

Laguntza eskatzeko bideak

Spotean adierazitako egoeraren baten aurrean egonez gero edo inguruan halakoren bat ikusiz gero laguntza eskatzea gomendatu du gazte kuadrilla horrek: "Jakin ez zaudetela bakarrik eta beldurra alde batera utzi behar dugula. Guztion artean halako kasuak bukatzea lortuko dugu".

Laguntza eskatzeko bideak ere adierazi dituzte spotean; hona hemen hainbat telefono zenbaki: 116 111 –adingabeendako– eta 900 84 01 11 –tratu txarren biktima diren emakumeendako–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak