Euskara ahotik ahora transmititzeko lanean

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 28a, 16:10

Auzoko talde bateko kideak lanean. (Argazkia: Miren Igartua)

Auzoko eta Barriketan egitasmoak indartzeko taldekide bila dabiltza; euskaratik hurbil zein urrun bizi diren herrikideak animatu gura dituzte, hizkuntzaren ezagutza edozein izanda ere, helburua elkar ezagutzea eta euskaraz jardutea da eta.

Ibilbide luzea dute Loramendi elkarteak –Udalaren babesarekin– sustatutako Auzoko eta Barriketan egitasmoek, eta orain, taldeak indartzea da asmoa. Miren Igartua Eskibelek hartu berri du horiek dinamizatzeko ardura eta aretxabaletarrei egitasmo horien berri eman gura die, izena ematera animatzeko.

Ia 25 lagun Auzokon

"Bi egitasmoen helburua da euskaratik urrun bizi direnek eta hurbil bizi diren lagunek espazio bat elkarbanatzea, elkarren berri izateko eta euskaraz jarduteko", azaldu du Igartuak. Auzokoren bueltan bi talde daude martxan, eta, guztira, 24 bat kide elkartzen dira. Talde "malgua" da eta beti ditu ateak zabalik, norberak gura eta ahal duenean gerturatzeko. "Aretxabaletan bertan hizkuntza asko daude eta Auzokok egiten duena da, horien aberastasuna aitortuta, euskara ardatz jarri komunikaziorako eta kohesiorako hizkuntza izan dadin", dio dinamizatzaileak. Hala, egunerokoan gehien erabiliko dituzten berbak jasotzen dituzte modu dinamikoan eta jolasak erabiliz.

Barriketani dagokionez, bost talde daude abian, bakoitza hiru edo lau lagunekin osatuta: "Asko euskaltegitik pasatutakoak izaten dira eta badute euskararen ezagutza, baina ez dutelako norekin hitz egin datoz. Kasu honetan, gainera, herritarrek gidatzen dute egitasmoa".

Apirilean, sukaldaritza

Euskara ardatz izanik elkar ezagutza sustatzea ere badu helburuen artean Auzokok. Horregatik, herriko eragileekin eta herritarrekin batera lantzen diren ekintzak antolatuko dituzte. Apirilean, esaterako, sukaldaritzaren bueltan jardungo dute karapaixoaren eta ramadanaren ohiturak mahai gainera ekarrita. Maiatzean dantza izango dute langai eta ekainean kirola hartuko dute ardatz: "Hiztegia landuko dugu lehenengo, eta gero, horren bueltako ekintzaren bat antolatzea da asmoa".

Taldeak indartzeko, euskaratik urrun daudenak zein hurbil bizi direnak gura dituzte. Horretarako, Loramendira jo daiteke; hona hemen: 943 77 09 70 edo 645 70 88 63 eta auzoko@loramendielkartea.eus.

"Harritu egin nau ikasteko bizkortasunak"

Otsaila ezkero dihardu Miren Igartua Eskibelek Auzoko eta Barriketan egitasmoak –azken hori, herritarrekin batera– dinamizatzen.

Zure lehen pausoak zelakoak izan dira?

Oso erakargarriak eta politak. Izan ere, interes handia ikusi dut egitasmo batean zein bestean euskara ikasteko eta komunikatzeko.

Euskara zaila dela entzun izan da sarritan.

Bada, nik esango dizut benetan harrituta nagoela ikusita zein azkartasunarekin eskuratzen duten. Ez pentsa, gainera, adin kontua denik, askotariko adinetakoak daudelako taldeetan.

Taldekideak askotarikoak dira, gainera.

Bai; iruditzen zait norberaren herritik irten barik bidaiatzeko aukera dudala. Izan ere, bizipenak kontatzen dira, pasarte eta anekdota bitxiak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak