Ohiko formatuarekin, 15. Huhezinema prest dago

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko mar. 25a, 13:05

Aurtengo film laburren jaialdia antolatu duen lantaldeko kideak. Argazkia: Huhezinema.

Martxoaren 30etik apirilaren 1era egingo dute Muko Ikus-entzunezkoen Fakultateko ikasleek eta irakasleek antolatzen duten Huhezinema film laburren jaialdia; film laburren proiekzioak, efektu bereziei buruzko tailerra eta ekitaldi gehiago izango dira.

Orain dela hiru urte egin zuten jaialdiaren itxura berreskura- tuko du datorren eguaztenean abiatuko duten Huhezinema film laburren jaialdiak; hori horrela, streaming-ez eta pantaila txikian beharrean, Arkupe kultura etxeko zinema aretoko pantaila handian emango dituzte aurtengo hiru lehiaketetan –Sail Ofiziala, MUko ikasleen saila eta Bideoklip saila– epaimahaiak aukeratu dituen filmak.

Iban Del Campo irakasleak gidatuta, hamasei ikaslek osatzen duten lantaldea jaialdiari azken ukitua ematen ari da. "Hiru taldetan banatu gara –komunikazioa, programazioa eta produkzioa–, eta, aurreko aldietan moduan, asko ikasi dute eta emaitza oparoa izango delakoan gaude. Egitarau oparoa dugu, eta interesa duten guztientzako zabalik daude ekitaldi guztietarako ateak", dio Del Campok.

Uzta "oparoa"

Pozik daude jasotako lanen kopuruagatik eta kalitateagatik. "Sail Ofizialeko lanen kopurua jaitsi egin da, baina kalitatea mantendu egin da, eta, zoritxarrez, kanpoan geratu dira lan zoragarri batzuk. Genero aldetik danetarikoak daude: fikziokoak, dokumentalak, animaziozkoak eta lan esperimentalagoak. Egileei begiratuta ere profil askotarikoak dira, eskarmentua duten zinemagileek egindakoak eta hasiberrienak ere bai. MUko ikasleek egindako gehienak fikzioak dira, askotariko lan txukunak horiek ere".

Musikari garrantzi berezia eman diote aurten; hori horrela, bi sari berri eskaintzeaz gainera, Bideoklipen saila "arrakastaz" estreinatu dute. "Aurkeztutako 26 lanetatik aukeratu ditugun hamabi lan horietan denetarikoak daude formatuari eta estiloari dagokienez. Orokorrean, lan ederrak guztiak! Euskal musikagintzaren panoramaren erakusleiho zabala da".

Askotariko sariak

Aurreko aldietan moduan sail bakoitzak askotariko sariak ditu, baina horiez gainera, aurten sari gehiago banatuko dituzte: estreinakoz egingo duten Bideoklip saileko hiru sariez gainera, soinu onenaren bi sari ere banatuko dituzte. Aipatutakoez gainera, urteroko sariak izango dira, horien artean, Mundukide Fundazioak emango duena –700 euro–; sari horrekin,  Sail Ofizialean eta MU sailean aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena sarituko dute.

Ekitaldi guztiak, zabalik

Hamabosgarrena izanik, "ospakizun kutsua" eman gura izan diote. "Atzera begiratuko dugu eta hainbat arlotan –grafismoan, ekoizpenean, gidoietan...– ibilbide oparoa egiten ari diren gure bost ikasle-ohi gonbidatu ditugu euren bizipenak partekatzeko. Maite Arroitajauregi Mursego-rekin batera Akelarre filmaren soinu bandaren egile Arantzazu Calleja musikagilearen bizipenak ere jasoko ditugu, eta orain dela hiru urte gurean izan ziren Bilboko Bakon FX enpresakoenak ere bai. Azken horiek El Hoyo film ezagunarekin efektu berezien alorrean Goya sari bat eskuratu zuten; euren lan-jarduna ikusteko eta bizitzeko aukera izango dugu bereziki gazteentzako eta haurrentzako prestatu dugun eta Herriko Plazan egingo dugun tailerrean".

Egitaraua

  • Martxoak 30
    • 10:00: Ikasle ohien topaketa.
    • 15:00: Nor ari da grabatzen, premierra.
    • 15:30: Efektu berezien tailerra.
    • 18:30: Triki-poteoa.
  • Martxoak 31
    • 11:00: Arantzazu Calleja musikagilearen hitzaldia.
    • 15:00: MU saileko lanen proiekzioak.
    • 16:30: MU saileko lanen proiekzioak.
    • 17:45:  Bideoklip saileko lanen proiekzioak 
    • 18:45: Bideoklip saileko lanen proiekzioak.
  • Apirilak 1

    • 15:00: eta 17:00 Sail Ofizialeko proiekzioak.
    • 17:00: Sail Ofizialeko proiekzioak.
    • 19:00 Sari banaketa ekitaldia.
    • 20:00 Luntxa.

    • 21:30 Kontzertua.

Oharra: Arkupe kultura etxean eta Herriko Plazan izango dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak